fbpx Skip to main content
Mendi bueltak

Anboto da Urkiolako Parkeko gailurrik garaiena (1331) eta, aldi berean, Euskal Herriko mendirik mitikoenetako bat. Urkiolatik Anbotorako ibilbideak paisaia txundigarriak eta naturaren aniztasuna gozatzeko aukera ematen du, modu mailakatu batean. Ez dago zertan azkeneraino joan, tarteko helburuak ere erakargarriak baitira eta, ibili ahala, unean bertan erabaki daiteke noraino iritsi, indarraren edo gogoaren arabera erabaki. Beraz, familian edo lagunartean egiteko txango paregabea da.

Urkiolako parke naturala

Gailurra bera arriskutsua izan daiteke eguraldi txarrarekin, beraz, ondo pentsatu behar da noiz, nola eta noraino joan nahi dugun.

Mendiko paisaia eta esperientzia, toki gehienetan, asko aldatzen da eguraldiaren eta urtaroen arabera baina aldaketa hori inon baino nabariagoa da ibilbide honetan: eguzkiak, behelainoak, elurrak… erabat aldatzen dute esperientzia, hargatik, merezi du txangoa une eta baldintza ezberdinetan probatzea.

Iraupena

3 orduko txangoa. Urkiolatik Anbotora eta bide beretik buelta.
Osoa egin barik, laburtu eta ordu beteko edo bi orduko txango interesgarri bat egin daiteke.

Zailtasuna

Ertaina. Hasierako bi etapak errazak dira. Azkena zailagoa.

Urkiolatik Anbotora etapaz etapa

Urkiolatik abiatuta, hiru etapatan egin dezakegu Anbotorako igoera eta horietako bakoitza helburutzat har dezakegu.

Udalaitz

1. URKIOLATIK ASUNTZERA

Urkiolako Santutegiaren osteko aparkalekutik hasiko dugu ibilbidea. Bi aukera daude, eskuinerantz doan pista hartzea, edo ezkerreko landetan gora joatea. Eskuineko pista askoz lauagoa da eta samurragoa da, baina ez da ikusgarria. Ezkerreko pasabidetik, larreetan gora hartuz gero, aldapa batzuk igo beharko dira, baina paisaia txundigarria da. Haitzak, amildegiak, urruneko mendiak… zineko dekoratu bat dirudi. Urkiolagirre igo eta jaitsi ondoren, Asuntzera iritsiko gara. Pol-pol ere deitzen zaio toki honi, bertan dagoen iturriagatik. Burdin gustuko ur hotza aurkituko duzu bertan, baita udako egunik beroenean ere. 

 2. ASUNTZETIK PAGOZELAIRA 

Asuntzetik hainbat ibilbide interesgarri egin daiteke. Anbotorantz jarraitzea erabaki ezkero, haitzaren magaletik jarraituko dugu eskuinerantz. Aspaldiko harrobien azpitik eta aterpetxe baten gainetik igaro ondoren, Pagozelaira iritsiko gara eta jarraitu egingo dugu gailurrera doan bidea markatzen duten seinaleak aurkitu arte.

3. PAGOZELAITIK GAILURRERA

Pagadian gora sartuko gara seinaleei adi jarraituz. Gailurreraino iristeko asmorik ez duenarentzat ere esperientzia interesgarria da haitz eta pagadiek sortzen duten paisaian gora egitea. Lurra bustita dagoenean, kontuz ibili behar da inguru honetan, batez ere beheranzkoan. Pagaditik irteterakoan, Urkullu gailurrera iritsiko gara. Hortik eskuinera jarrai dezakegu tontorrera. Azken zatia arriskutsua izan daiteke zorabioa dutenentzat eta, lurra busti dagoenean, edozeinentzat, beraz kontu handiarekin egin azken urratsak.

Paisajes Duranguesado

URKIOLARA BUELTA

Bide beretik itzuliko gara baina, laburrago egin nahi badugu, Asuntzetik, Urkiolagirrera igo beharrean, ezkerretik doan pista hartu dezakegu, muinoaren magaletik Urkiolako Santutegiraino iristeko.

Anbotora igotzeko beste bideak

Hemen aurkeztutako Urkiolatik Anbotorako bidea da Anbotora igotzeko aukerarik malguena, eskaintzen dituen aukerengatik, eta egokiena familientzat edo noizbehinkako ibiltarientzat. Baina badaude Anbotora igotzeko beste bide interesgarri batzuk ere.

Paisaiak
  • Larranotik (5 or eta erdi)
  • Zabalanditik (3 or eta erdi)
  • Arrazolatik iparraldeko bide normaletik (4 or eta erdi)
  • Arrazolatik Zabalanditik (3 or)
  • Atxartetik gailurretatik (4 or)
  • Atxartetik Asuntzetik (2 or eta erdi)
  • Aramaiotik (3 or)
  • Anbotoko Damie (4 or)

Eraman beharrekoa

Arropa: kamiseta, jertsea, txubaskeroa, eguraldiaren araberako mendiko prakak eta galtzerdi onak.
Oinetakoak: laban ez egiteko mendiko botak, batez ere lurra busti dagoenean.
Makilak: komenigarriak dira azken zatian gora egiteko, eta baita ere beherakoan erabiltzea, errazago ibiltzeko.
Txanoa: eguzki edo eurirako.
Eguzkitako krema (bereziki udan)
Janaria: fruitu lehorrak, fruta, txokolatea
Labana: beti izango da erabilgarria.
Ura: Ez ahaztu!

Leave a Reply