fbpx Skip to main content

Durangaldeko Harriak edo Anbotoko mendikatea Durangaldeko ezaugarri esanguratsuenetakoak dira inguruetako gainerako gailurrekin batera, eta paisaiari Alpeetakoen kutsua ematen diote. Eskualdearen hegoaldea hartzen dute, ekialdetik mendebaldera, eta benetan ikusgarriak dira. Urkiolako Parke Naturala osatzen dute eta kareharrizko formazio malkartsu eta handiak dira.

Mendikatearen erdigunea Anboto-Alluitzek osatzen dute; haien ondoan, Astxiki eta Untzillatx. Aramotz mendikatean Mugarra gailentzen da mendebaldean, eta ekialderantz, Ipizte eta Orisol alde batean, eta Udalatx bestean. Ez dute altuera nabarmena, baina 1.000 metrotik gorako desnibelak aurki ditzakegu, eta askotariko ibilbideak dauden arren, zailtasun handikoak ere badira. Inguruek, gainera, ondare kultural handia eskaintzen dute.

Agian ez gara bertan inoiz izan, baina, zalantzarik gabe, haien izenak gure memorian txertatuta daude. Nork ez du entzun Anboto, Oiz, Udalatx edo Mugarra? Gehiago ere badira, zein bere nortasunarekin. Hona hemen:

Anboto (1.331 m)

Anboto da, Gorbeiarekin batera, Bizkaiko mendi kutun eta ezagunena. Magiaz eta mitologiaz jantzirik agertzen zaigun mendia da, eta garrantzi handikoa euskal kulturan, mendizale gehienentzat, ezagutu beharrekoa. Besteak beste, Mariren bizilekuetako bat omen da. Euskal geografiako hainbat eta hainbat tokitatik ikus daiteke, eta igoerarako aukera ugari eskaintzen dizkigu.

Udalaitz / Udalatx (1.117 m)

Durangaldeko Harriak deiturikoen arteko gailur malkartsua da. Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan altxatzen den mendi benetan berezia. Tontorraren hegoaldeko hegalean Arrasateko Udala auzoa dago, eta harengandik hartzen du izena. Nondik begiratu, soslai desberdina emango digu mendiak, baina zerra-itxurako silueta ederra eskaintzen du nonahitik.

Alluitz (1.040 m)

Anboto mendiguneko gailur ikusgarria da hau ere, eta Durangaldeko Harrien artean bereizten dena. Isurialde banatan amildegi handiak dituen mendia da, eta kareharrizko ezproi luze batzuk ditu, gailurraren goiko aldera iristea ahalbidetzen dutenak. Hau ere Mariren bizilekuetako bat da, eta tontorretik paisaia zoragarria goza daiteke.

Oiz (1.029 m.)

Bizkaiko begiratokia izenez ere ezagutzen da. Bizkaiko gailurrik mitikoenetakoa dugu hau ere, eta Zengotitaganerekin batera, mendigune luzea osatzen du. Kantauriar isurialdeko hainbat ibai hornitzen dira bertatik. Mendi honen kokapenari esker ikuspegi amaiezina goza daiteke bai itsaso aldera, bai mendebaldeko Pirinioetako lehenengo gailurretarantz.

Mugarra (965 m)

Altuera nabarmengarrienetakoa du, baina itxurak berak ematen dio izana. Ikuspegi ikaragarria du, kareharrizko silueta erraldoi bat baita. Ekialdeko gailurraren zati bat, ordea, Mañariko harrobiak janda ikusiko dugu. Mugarrako hegoaldea bertikala da, eta kirol-eskaladarako bide batzuk aurki daitezke bertan.

Untzillatx (941 m)

Durangaldeko Harrietako kareharrizko mendi ikusgarria zalantzarik gabe, ingurukoak bezala, kareharri arrezifal oso tinkoko mendia da hau ere. Astxikirekin batera, Atxarteko haitzartea osatzen dute Mendiola eta Mañaria haranen artean. Mendi honen hormetan hainbat eskalada-bide ikusiko ditugu, bide klasiko eta garrantzitsuenetakoak asko.

Durangaldeko beste mendiak

Ezagunenak izanagatik, ordea, ez dira horiek mendi bakarrak, eta itxura, altuera, zailtasun, paisaia eta ikuspegi desberdin eta ugariko mendiak aurki ditzakegu inguruetan; hala nola:

Leave a Reply