Natur Ibilbideak Urkiolatik
Urkiola - Pol-Pol
5,8 km
Iraupena
2 ordu
Zailtasuna
Erraza
Etapak
Bost (etapen iraupena batez beste 4 ordu eta erdi)
Proposatzen dizugun txango txiki hau ezin hobea da Urkiolako Parkea familian ezagutzeko. Urkiolako santutegitik abiatuta, Urkiolagirre mendirantz abiatuko gara. Tontor xume honek Urkiolako Parke Naturalaren bihotza diren kareharrizko moleen ikuspegi paregabea eskainiko digu. Beste aldean, Asuntzako lepoan dagoen Pol-poleko iturri ferruginosoa dugu zain. Puntu horretatik, Urkiolara doan pista xumetik itzultzea proposatzen da, baina, nahi izanez gero, ibilaldia luza dezakezu Urgozo eta Amillako pagadiak bisitatuz, PR-BI 85 ibilbide laburra Pol-Poletik Atxarterantz jarraituz.
Interes botanikoa
Pagadi lepatuak
Santutegiaren inguruetan pagadi lepatuak ezagutzeko modurik errazena daukazu. Pagoen adarrak inausteko modu berezi honek argimutilaren forma karakteristikoa hartzea eragiten die. Proposatutako trazaduraren barruan, hasierako gunearen inguruko pagadiak baino ez badaude ere, Parke Naturalak beste hainbeste pagadi lepatu ditu. Horien artean gertukoen kokapena erakutsiko dizugu. Hauek emango dizute aitzakia ezin hobea Urkiolako aberastasun botanikoaz gozatzen jarraitzeko.
Larreetako nartzisoak
Urkiolagirre mendiaren magalak eta Asuntzako mendi-lepoaren goiko aldeak (Pagazelaiburu izenez ezagutzen dena, Anboto mendiaren oinarrian) benetako ikuskizuna eskainiko digute otsailetik apirilera bitartean, belardiko nartzisoen loraldian. Santutegitik ez oso urrun, Aldazitalako atsedenlekuan, lore deigarri hauek aurki daitezkeen beste gune bat dago. Gozatu nartzisoak ikusten eta errespetatu itzazu, espezie babestua baita.
Zingirak
Pol-Pol iturriaren inguruan ondo begiratu beharko dugu urak ureztatutako eremu osoan dagoen aniztasun botanikoa ezagutzeko. Zingirak edo hezegune txikiak dira. Ezaugarri anfibioak dituzten ingurune zingiratsu horiek uretako munduaren eta lurraren arteko mugan daude, eta biodibertsitate izugarria eskaintzen dute, haien tamaina txikia kontuan hartuta.