fbpx Skip to main content

Zer gauza atseginagorik eguneroko errutinarekin hautsi eta bikotekidearekin irteera erromatiko bat egitea baino?

Eta bide batez, konpainiaz ez ezik inguruaz ere gozatzen badugu, askoz hobe. Durangaldeak asteburu zoragarri bat igarotzeko behar duzun guztia eskaintzen dizu inguru paregabe batean, eta urteko edozein sasoitan gozatzeko moduan.

Proposamenak askotarikoak izan daitezke, baina batez ere landa-eremuak eta naturak emango dizkigu gure irteera ahaztezin bihurtzeko aukerak.

Zatoz zure lagun kutunarekin asteburuko irteera bat egitera naturan eta paisaia zoragarriz inguratuta.

Larunbat goizean mendira

Asteburua mendi-irteera batekin has dezakegu, gure ahalmenen eta gogoen arabera, irtenaldi lasai bat edo mendi-igoera gogorrago bat aukera dezakegu.

Urkiolako Parke Naturalaz gain, Arrazolako bide berdean zehar, edo Elorrioko naturbideetan barrena, inguru bukoliko zoragarri batean eta bertako haitz erraldoien babespean eman dezakegu goiza, lasai, neke handirik gabe.

Ausartagoek Udalatx edo Anbotora igotzea erabaki dezakete, gure mendi mitikoek eskaintzen diguten edertasunaz gozatzeko, eta horietako edozeinetara igotzeko dauden askotariko bideetatik edozein aukeratuz.

Ibilaldiaren ondoren, Durangaldeko edozein herri aukera dezakegu bertako eskaintza gastronomikoaz gozatzeko, Michelin izardun jatetxeetan zein, xumeagoak izan arren, maila goreneko sukaldaritza eskaintzen diguten jatetxeetan.

Arratsalde kulturala

Arratsaldea ondare arkitektoniko edo kulturalaz gozatzen eman dezakegu eskualdeko herrigune-historikoetan barrena osteratxoa eginez:  Elorrion eta Durangon, esaterako, bisita gidatuak egin daitezke herriaren historia eta lekuak ezagutzeko edo mitologiak ikasteko.

Eta kaleetan barrena noraezean ibili ondoren, taberna eskaintza zabala daukagu atsedentxo bat hartzeko.

Urte sasoiaren arabera, kultur-eskaintza zabala izango dugu, eta horrek emango digu arratsaldeari tankera emateko aukera: zinema, udako Musikaire jaialdia, antzerkia, museoak, abenduko Durangoko azoka, Errebonbilloak, etab.

Gaua emateko, eskualdeak ostatu eskaintza zabala du, hotel goxo eta dotoreak, gure atsedena babestuko dutenak eta hurrengo egunerako indarrak biltzen lagunduko digutenak.

Igandea zaldiz

Bigarren egunean, eskualdeko herri eta landa-eremuak zaldiz zeharkatzea erabaki dezakegu. Eskualdeko hamabi herri zeharkatzen dituen ibilbide honetan,  zaldiz, gure erritmoan eta nahi dugun tokian geratuz, hirigunetik urrundu eta mendi-bideetan barrena ibiliko gara, eta elkarrekin egoteko beste modu bat partekatuko dugu lagunarekin.

Eta eguna bazkaloste lasai batekin amai dezakegu, ikuspegiaz gozatzeko aukera ematen duten lekuetako batera autoz igoz, Garaira edo Landaederrara, esaterako.

Begirada ase eta gorputza lasaituta, zeinek nahi duen amaiera eman ahal izango dio asteburuari. Irribarretsu itzuliko zarete, ziur!

Leave a Reply