fbpx Skip to main content

Urkiolakoa San Antonio Abad eta San Antonio Paduakoari eskainitako santutegia da. Antonio Santuen santutegia ere esaten zaio. Bizkaian, santutegirik gurtuenetakoa dugu, eta antzinakoenetakoa ere bai, eta Euskal Herri osoan oso ezaguna da. Urkiolako Santutegiko erromeria, ospakizun eta errituak hainbatetan aipatzen dira herri kantutegi, bertso eta kopletan, eta hari buruzko ezagutza, ahozko tradizioaren bidez ere oso zabaldua da.

Urkiolako Santutegiaren kokapena. Urmuga

Abadiño udalerriaren barruan, Urkiolako mendi-lepo edo mendatean kokatua dago, Urkiolako Parke Naturalean, gure kostaldea Gaztelako mesetarekin lotzen duen ibilbide historikoaren ondoan. Euskal Autonomia Erkidegoaren erdigunean dago, antzinako biztanleentzat ere leku sakratua zen parajean, eta gure lurraldea mendebaldetik ekialdera lotzen duen Urmugaren puntuetako batean; izan ere, Santutegiko teilatuaren alde batean jausten den urak Mediterraneo isurialdera jotzen du; eta beste aldean erortzen denak Kantauriko isurialdera.

Urkiolako Santutegiaren historia

Gaur egun ezagutzen duguna, ustez, hirugarren eraikina dela uste da. Dagoeneko 1212an badira aipamenak orduko ermita bati buruzkoak; 1567an ere bai, eta bertako erretore izan zen Benito de Vizcarrak jatorria VIII. eta XI. mendeen artean koka dezakeela zioen arren, ez dago zehazterik noizkoa den benetan. Erdi Aro Berriko estilokoa du eta eraikin horrek, kanpandorre txiki batek, abade-etxeak, antzinako erietxeak eta ostatuak osatzen dute multzoa. Deigarria da amaitu gabeko nabeez osatutako eraikinaren eta aurreko tenpluko kanpandorre txikiaren arteko tamainaren aldea.

Inguruetan, gainera, bi ermita txiki, hilerri bat, gurutze bidea eta Kalbarioa ere badira. Hortaz, sinbolismoz beteriko ingurua dugu. Anboto mendiaren gertutasunak, areagotu besterik ez du egiten sinbolismo hori.

Botere bereziko harria, sinesmenak

Santutegia ezagutzen duen orok ezagutzen du haren aurrean dagoen harria ere. Diotenez, 1929an, artean bertako erretorea zen Benito de Vizcarrak, inguruetan aurkitu omen zuen, eta bitxia iruditu zitzaionez, gaur egun dagoen plazatxoan ipini omen zuen. Hainbat interpretazioa dauden arren, tartean harria meteoritoa dela esaten duena ere, berez burdin-harria da, eta botere eta indar berezia esleitzen zaio “Tximistarri” izeneko harri horri. Izan ere, ohitura zaharren arabera, haren inguruan zazpi buelta ematen dituenak senarra edo emaztea aurkituko (edo mantenduko) omen du. Baina, kontuz, kontrako norabidean bueltak emanez gero, galdu ere egin baitaiteke.

Ospakizunak

Urtean zehar hainbat ospakizun antolatzen dira Santutegian:

Urtarrilaren 17an, animalien zaindariaren eguna ospatzen da, San Antonio Abad. Etxeko animaliak eramaten dituzte bertara bedeinkapena jasotzera.

Martxoaren 19an, San Jose eguna.

Ekainaren 13an, San Antonio Paduakoaren eguna, behartsuen babeslea. Santu honi eskatzen zaio galdutako gauzak eta bikotea aurkitzea ere. Ospakizun berezia izaten da egun honetan, nekazaritzako produktuak, abereak, artisautza eta bertsolarien ekitaldiak eta erromeria, besteak beste.

Uztaileko bigarren igandean: Haurrak bedeinkatzeko eguna.

Uztaileko hirugarren igandean: Ezkonduen eta familiaren eguna.

Urriko bigarren igandean: Urrixena, soroen emankortasunagatik esker ona adierazteko eguna.

Leave a Reply