fbpx Skip to main content

Mendi-ibiliak dira inguruak ezagutzeko modurik erraz eta atseginenak. Urkiolaren kokapenak, izan ere, horretarako hainbat aukera eskaintzen ditu Urkiolako Natur Parkearen inguruak ezagutzeko. Proposatuko ditugun ibilbide batzuk Urkiolan bertan dute abiapuntua eta inguruetan barneratzen dira; beste batzuk, aldiz, inguruko herrietatik abiatu eta Urkiolako Parkearen edertasuna erakusten digute. Hauek, ordea, Urkiola Parke Naturalean egin daitezkeen ibilbide guztien artetik bakan batzuk baino ez dira.

Urkiolatik abiatuta

1. Urkiola – Saibigain
Oso ibilbide erraz eta laburra da, urte osoan zehar egin daitekeena eta Saibigain gailurretik ikuspegi ederra eskainiko diguna.
Ibilbidearen abiapuntua Toki Alai interpretazio Zentroaren ondoan dago, eta bertako seinaleztapenei jarraitzea besterik ez dugu. Ibilbide honetan inguruko mendien paisaiaz gozatu ahal izango dugu. Egun argitsuetan, kostaldea ere agertuko zaitu ikusmiran.
Distantzia: 4 km
Joan-etorrirako denbora: 1h 15 min

2. Urkiolagirre eta Larrano
Ibilbide honek aurrekoak baino luzera eta zailtasun handixeagoa duen arren, erraz egitekoa da.
Abiapuntua Urkiolako Santutegiaren ondoan dago; han, Urkiolagirrerako bidea adierazten duen seinalea aurkituko dugu, eta ordu erdi inguru oinez egin ondoren iritsiko gara gailurrera. Handik, Pol-Poleko iturrirantz jaitsi eta seinaleei jarraituz, Larranoko gailurrera iritsiko gara.
Distantzia: 10 km
Joan-etorrirako denbora: 2 h 45 min

3. Anboto
Anboto da Urkiolako Natur Parkeko gailurrik garaiena, eta Euskal Herriko mendi mitikoa. Ibilbide honek paisaia zoragarria erakutsiko digu. Osorik egin nahi ez bada, ibilbide hau hiru etapatan egin daiteke, etapa bakoitza helburutzat hartuta.

a) Urkiola-Asuntze: Urkiolako Santutegiko aparkalekutik abiatuta, eskuin zein ezker hauta dezakegu: eskuinekoa, laua, samurra baina ez hain ikusgarria. Ezkerrekoa, larreetan gora doa eta aldapatsuagoa da. Hortik, Urkiolagirre igo eta jaitsi ondoren, Asuntzera iritsiko gara.

b) Asuntze-Pagozelai: Anbotorantz jarraitzeko, magaletik eskuinerantz egingo dugu, eta Pagozelaira eramanago gaitu harrobien azpitik eta aterpetxe baten ondoren igarotzen den bideak.

c) Pagozelai-Anboto gailurra: Pagozelain bidea markatuta ikusiko dugu, eta gora egingo dugu seinaleei jarraituz, pagadia zeharkatu eta Urkullu gailurrerantz. Hortik, eskuinerantz joz, tontorrera iritsiko gara.
Distantzia: 4,9 km
Joan-etorrirako denbora: 3 ordu

Abadiñotik abiatuta

4. Astxiki
Ibilbide hau Urkiolatik bertatik izan beharrean, Atxarteko aparkalekutik hasiko dugu, ezkerraldeko bidea hartu eta Astxikiren magalera joko dugu. Han aurkituko dugun pagadiaren gainean ikusiko dugu Astxikiren harritzarra. Gorantz, goi-tentsioko lineari jarraituz, Artolako lepora iritsiko gara. Handik ezkerrera, landetan zehar igoko gara Astikira, arroka artean. Handik goza daitekeen ikuspegia zoragarria da, eta atseden hartu ondoren, bide beretik jaitsiko gara.
Distantzia: 5,5 km
Joan-etorrirako denbora: 2h 15 min

5. Alluitz
Atxarteko aparkalekutik bertatik abiatuta, ezkerraldean xenda batek Astxikiren magalerantz bideratuko gaitu. Xendari jarraituko diogu, Intxaurralde baserriko bide zabalagoarekin bat egiten duen arte. Hortik, Genzelaiko landak zeharkatuta, Artolako lepora igoko gara. Lepoan eskuinerantz jarraituko dugu, bide aldapatsu batetik gailurrari ekingo diogun arte. Gailurretik eskaintzen zaigun ikuspegia aparta da benetan. Igo garen bidetik jaitsiko gara.
Distantzia: 6 km
Joan-etorrirako denbora: 3 h 15 min

Leave a Reply