fbpx Skip to main content

Gure eskualdean paisaia eta herri xarmagarriak nabarmentzen dira batik bat, baina bada inork uko egiten ez dion beste gutizia bat: gastronomia. Gure herrietan, belaunaldiz belaunaldi gordetako errezetak mantentzen dira jatetxeetan eta baita etxe barruetan ere. Urte asko sukaldean eman dituzten eskuek hainbat aldiz prestatu dituzten jakietako batzuk ekarri ditugu hona, bakoitza bere jagolearen moduan prestatua, jakina:

Berakatz zopa

Osagaiak:

  • Mamirik gabeko ogi mehea
  • Olioa
  • Berakatza
  • Piper txorizeroa
  • Urdaiazpikoa
  • Txorizoa

Prestatzeko modua:

Hasteko, ogia ondo txikitu. Ondoren, berakatza eta piperra egosten jarri eta ondoren puregailutik pasatu. Ore hori lapikora gehitu, eta ogia, urdaiazpikoa eta txorizo apur batekin. Hori guztia saldaz ondo estali eta egosten utzi behar da, ordubetez gutxienez, sarritan eraginda, lapikora itsas ez dadin. Mahaira zerbitzatu aurretik, arrautza frijitu bat ipiniko dugu gainean plater bakoitzean.

Errezetaren egileak: Jose Luis Ferreria eta Kontxi Uribe

Arraina edo okela

Ardiak landan

Itsas-oilarra otarrainxkaz betea, txakolin saltsan

Osagaiak:

  • Itsas-oilarra
  • Otarrainxkak
  • Esne-gaina
  • Txakolina
  • Tomate-saltsa

Gatza

Prestatzeko modua:

Otarrainxkak zuritu, gatza egin eta plantxan erre. Oilarrak xerratu, eta xerra bakoitzean otarrainxka bat bildu.

Gero, txakolina sutan ipiniko dugu, gatz apur bat eta azukre apur bat gehituta. Irakiten duenean baso bete esne-gain likido gehituko diogu, 3 edo 4 tomate koilarakadarekin. Hori guztia bi minutuz egosten utziko dugu, saltsa apur bat loditu arte.

Azkenik, itsas-oilar bilduak saltsa horretan sartu eta beste bi minutuz utziko dugu egosten. Zerbitzatzeko, itsas-oilar bilduak platerera atera eta gainetik saltsaz estali. Perrexilaz apaindu.

Errezetaren egilea: Juantxu larruzea

Bildotsa saltsan

Osagaiak:

  • Bildotsa
  • Berakatza
  • Koñaka
  • Salda

Prestatzeko modua:

Bildotsa guk nahi dugun moduan zaitu eta zartagin batean olioz eta berakatzaz frijitzen ipini. Okela ondo gorritu behar dugu alde guztietatik. Okela prest dagoela ikustean, baso bete koñak erantsiko diogu denari, eta lapikoa itxiko dugu berriro. Okela zatiei buelta eman behar zaie behin eta berriz. Orain, aldiro, kazo bete salda eransten joango gara, apurka, lapikoa lehortzen ikustean, salda gehiago erantsiz. Horrela, pare bat orduz, beti saldatan, lehortzen utzi gabe. Behin okela gorrituta dagoenean, su txikitan utzi egiten. Denbora hori igarotakoan, prest dago bildotsa.

Errezetaren egilea: Justa

Tostadak

Osagaiak:

  • Esnea
  • Azukrea
  • Kanela
  • Arrautzak
  • Irina

Prestatzeko modua:

Lau bat litro esne irakiten jarri. Hortik, litro bat bereizi. Bereizi dugun esne horretan nahasiko dugu irina, eta sutan dagoen gainerako esnea irakiten hastera doanean, irinez nahasirikoa gehituko dugu, etengabe eraginez. Hogei bat minutuz irakiten utzi eta kanela apur bat gehitu, eta atera baino lehen, azukrea gehitu. Hainbat azukre, hainbat irin. Ondoren, ontzi batera atera eta hozten utziko dugu. Erabat hoztu denean, zati karratuetan moztuko dugu, irinetan eta arrautzetan pasatu, eta zatiak frijitu egingo ditugu. Jateko prest daude orduan.

Errezetaren egilea: Justa Oregi

Leave a Reply