fbpx Skip to main content

Badator asteburua eta gure seme-alabekin ahalik eta tarterik goxoenak nola eman asmatu behar dugu. Haur edo gaztetxoak entretenitzeaz gain, elkarrekin denbora modu lasaian partekatzeko aukerak eskaintzen dizkizu Durangaldeak, zalantzarik gabe. Hiritik bazatozte, herrigune eta trafiko-hotsetik urrundu eta naturaz erabat gozatzeko aukera izango duzue; herrietatik bazatozte, zuen denbora beste modu batean partekatzeko aukera izango duzue.

Asteburu pasa Durangaldean

Ez da falta gure eskualdean asteburua familian emateko aukera bikainik, kirola, abentura eta historia lantzeaz gain, esperientzia aberasgarri eta dibertigarri bihurtuko zaizkigunak, gainera.

Aukerak errazteko, bestalde, badira ekintza antolatuak ere egun batez baserritar edo artzain sentitzea zer den irakatsiko digutenak. Egun osorako jarduerak ala goiz eta arratsalderako jarduera ezberdinak hauta ditzakegu, nahieran. Konbinazioak asko dira! 

 

  • Lehenengo eguna

Ostatua dugun lekura iritsi eta lasai-lasai Durangoko edo Elorrioko herriguneetan barrena murgilduko gara ingurua ezagutzen hasteko.

  • Bigarren egunerako aukerak

Urkiolako Parke Natural osoa dugu nahi dugun ibilbideak egiteko, kondairaz eta magiaz beteriko lekua izanik, hamaika aukera izango ditugu basoaz, animaliez eta inguruaz gozatzeko. Bertan interpretazio zentroa dugu, eta erakusketa interaktibo batez gain, bestelako jarduerak ere antolatzen dituzte: “Basoko” eta “Hodei misteriotsuen bila” ginkanak, geopuntuen bilaketak eta hegaztien behaketa, esaterako.

– Kirola eta abentura uztartzen dituzten beste hainbat ekintza ere aukera ditzakegu: eskalada, mendi-irteera gidatuak, arroila jaitsiera, espeleologia, tirolinak, zubi tibetarrak, arku-tiroa, zuhaitzetan eskalatzea, itxurazko borrokak (pinturarik gabe)… Bisitatzen gaituzuen sasoiaren, zuen denboraren eta zaletasunen arabera antola dezakezue goiz edo arratsalde pasa ederra, abentura berriei ekiten edo gustuko dituzuen jarduerak egiten.

– Amorebieta-Etxano eta Garai arteko ibilbidea zaldiz. Inguruak beste ikuspegi batetik ezagutzeko. Durangaldean zeharreko ibilbide zirkularraren etapa bat da, Ibaizabal ibaiaren bi bazterrak hartzen dituena.

– Bazkalosterako, berriz, Tuk Tuk garraio berezi batean ibilalditxoa egiteko aukera ere badugu. Ordubete inguruko 4 ibilaldi ditugu aukeran.

– Arratsalderako, Elorrion bisita gidatua egin daiteke, edo Durangon mitologiari buruzko bisita gidatua. Herri horien ezaugarri berezi batzuk ezagutzeko aukera izango dugu, oso modu atsegin eta lasaian.

Eguna amaitzeko, bertako gastronomiaz gozatzeko hainbat leku aurkituko ditugu eskualdeko edozein herritan.

  • Hirugarren egunerako aukerak

Egun osorako bi esperientziaren artean aukeratu ahal izango dugu:

– Baserri giroa

Bereziki hiriguneetan bizi zaretenontzat oso erakargarria izan daiteke baserri giroa sakonago ezagutzea. Belaze bisitak aukerak euskal baserriko bizimodua eta baserritarren ofizioa ezagutzeko aukera emango dizue baserria bera, baratzea eta ukuilua ezagutuz, bai eta animaliak gertutik sentitzeko esperientzia ere. Bisitaren amaieran, bertako produktuak dastatzeko aukera ere eskaintzen dute. 

Argiñetako nekropolia bertatik bertara dagoenez, ezin utzi bisita egin gabe.

  • – Egun batez artzain

Eta landa-eremuan murgilduta, ez al duzu inoiz pentsatu artzain izatea zer ote den? Artaldea hartu eta mendian gora abiatzea… Ba badaukazu bertatik bertara ezagutzeko aukera. Artzainaren egunerokoa partekatu ahal izango duzu, bere zeregin guztiekin: ardiak jetzi, artaldeari eskuz jaten eman, eta artzain-txakurra artaldea bideratzen ikusi. Gainera, azaro aldean hurbiltzen bazarete, bildotsak jaiotzen hasten diren sasoian, biberoiaz elikatzeko aukera ere izan dezakezue. Ekaina aldean, berriz, artilea moztuko diezue. 

Etxerako bidean, seguru, eta hurrengo egunean ere, hainbat anekdota eta bitxikeria izango  dute lagunartean kontatzeko. Asteburu ederra izateak asteari hobeto ekiten laguntzen du, dudarik gabe.

Leave a Reply