fbpx Skip to main content
NaturaXarmadun Txokoak

Garai, natura eta bakea

Durangoko auzoak

Gero eta gehiago dira Durangaldeko landa-eremuko udalerri txiki honetara iristen diren bisitariak. Eta ez da harritzekoa, paisaia ikusgarria du, ederra da, atsegina, lasaia… dena dauka, eta aparteko aukera da hiriguneetako zaratatik edo lan astearen neketik urrundu eta energia berritzeko.

Durangaldeko udalerri hau Oiz mendiaren magalean dago, basoz inguratua; horrek ematen dio ikusgarritasuna paisaiari. Bertako kalexketatik paseoan zabiltzala, inguru eder horrek babesten zaituela sentituko duzu, eta nagusi diren lasaitasuna eta bakea, arnastu ere egin daitezke.

Garaik 7,2 kilometroko karratuko azalera dauka, eta barreiatuta dauden auzuneek osatzen dut; bertako 334 biztanleetako gehienak San Migel auzoan bizi dira. Historian zehar, nekazaritza eta abeltzaintza izan dira bertako jarduera nagusiak.

Garai 306 metroko altueran dago, eta pribilegiozko kokapena ematen dio horrek Durangaldearen ikuspegiaz gozatzeko. Bertako atseden-guneetako edozeinetatik paisaia zoragarria gozatuko dugu, eta Durangalde osoaren edertasunaz jabetuko gara.

Garai_Goikoa

Hala ere, bakea eta lasaitasuna baino gauza gehiago ere eskaintzen dizkigu Garaik, bere txikitasunetik:

Momoitioko San Juan eta nekropolia: Kristo ondoko II. mendean finkatu zen herrixka bat bertan, baseliza, herrixkako gune erlijioso eta soziala izan zen. Baselizaren ondoan dago nekropolia, IX. mendean kokatzen dutena;

Tromoitioko kastroa: Santa Katalina ermitarako bidean, 700 metro igo eta kastrora iritsiko gara. Oraindik ikusgarriak dira defentsarako hormak. Herriaren ikuspegi zoragarria ikusiko dugu bertatik.

Santa Katalina ermita: Tromoitiko kastrora doan bideak eta Garaiko herri-gunera doanak bat egiten duten tokian dago. Duñaiturri etxaldekoek altxatu zuten eta 1773an berreiraiki zen. Ermitaren aurrean, harrizko sarkofago eta gurutze bat daude.

san juan momoitio garai

Garai Goitia (Garatikua) jauregia: 1574an eraiki zuen Lope Garaikoak. Jauregiaren fatxadan, baserriaren sorrera aipatzen duen Garai familiaren idazkuna dauka.

Hala ere, agian, bisitari asko erakartzen dituen elementua, bertako arte urtetsua da, Etxeitako artea: EAEko zuhaitz berezien katalogoan jasota dago, 19 metroko diametroa dauka eta adaburuak 60 metroko biribila islatzen du; hots, bertan esaten dutenez, artearen gerizpean 360 ardiko artaldea babesteko adinakoa.

Bestalde, bisitan goazen urte sasoiaren arabera Santiago egunean hurbilduz gero, hain ospetsuak den “Dantzari dantza” eta “Agintariena” ikusteko aukera paregabea izango dugu.

Beraz, bada Garain egun eder eta atsegina igarotzeko aitzakia eta aukerarik. Eta zer hobe, bisita gidatua egitea baino. Hartara, ez dugu ezer ahaztuko.

Ez zaigu damutuko, edertasun horretaz gozatu ondoren, mokadu bat jan eta irribarre batez itzuliko gara, energia berrituta eta gure egunerokoari gogotsu ekiteko prest.

Garaia paisaiak

Leave a Reply