fbpx Skip to main content
KirolakKultura

Euskal Herriko Artzain Txakur txapelketa

artzai-txakurra

Irailean Euskal Herriko Artzain Txakurren txapelketa egingo da Axpe-Atxondon. Aurtengoa 57. edizioa izango da.

Baina, zertan datza artzain txakurren txapelketa?

Hasteko, historia apur bat

Artzain txakurren lehiaketan, artzainaren aginduei jarraituz, txakurrak ardiak maneiatzeko duen trebezia neurtzen da. Herrialdeko lehenengo lehiaketa Oñatin egin zen, 1955 urtean. Hortik aurrera, pixkanaka, beste herrialdeetan ere hasi ziren txapelketa antolatzen. Hain zuzen ere, Bizkaian, 1956an; Araban, 1957an; Gipuzkoan, 1968an eta Nafarroan, 1968an. Euskal Herriko lehenengo txapelketa, 1967an izan zen, Mañarian.

Euskal Herriko txapelketan herrialde bakoitzeko txapeldun eta txapeldunordea eta aurreko urteko txapelduna lehiatzen dira.

Hasierako urteetan hainbat artzain txakur arraza onartzen ziren arren, 2022tik aurrera, euskal artzain txakurrak lehenestea erabaki zuten antolatzaileek.

Ekimen honekin, gainera, bi helburu bete nahi dira: alde batetik, euskal artzain txakur arraza eta Euskal Herriko beste arraza tradizional batzuk sustatzea, eta, aldi berean, artzainei txakur horien heziketa hobetzen laguntzea. Beste alde batetik, artzainen mundua jendaurrean agertzea eta bultzatzea ere bai.

Txakur arrazari dagokionez, Euskal Herriko artzainek aspalditik erabili izan dute txakurra artaldea zaintzeko eta gidatzeko, eta 1995ean, arraza berezi gisa onartu zuen Espainiako Txakur Elkargoak euskal artzain arrazako txakurra. Hain zuzen, euskal artzain arrazak bi aldaera ditu: Gorbeiakoa eta Iletsua. Hala ere, beste arraza batzuk ere erabili izan dituzte euskal artzainek; hala nola Piriniotar ardi txakurra, eta Lanetako Labrita. Arrazak horiek sustatzea da txapelketa honen arrazoietako bat.

artzai-txakurra

Artaldea berriz, 25-30 ardi inguruk osatzen du, eta 3 taldetan banatzen da. Taldetan banatzearen arrazoia da ardiek ez dezatela bidea gogoan gorde edo ez daitezela ariketara ohitu, parte hartzaile denak baldintza berberetan lehiatzerik izan dezaten.

Txapelketan egin beharreko lanak

Funtsean, bi ariketa egin behar izaten dira:

1.ariketa

 

Artzainak txakurra artaldera bidaltzen du itzuli handi bat eginez; bidean bi bandera-tarte igaro beharko ditu, eta artzainak bi aldiz geldiaraziko du epaimahaiburuak esandakoan. Ondoren, artaldea hartu eta zelai erdian dagoen hesiaren tartetik pasatuz artzainaren ondora ekarri eta han bilduko ditu ardiak. Jarraian, ardiak beste hesi-ate batera eraman eta handik pasarazi beharko ditu.  Ariketa honetan txakur batzuk itzulia artaldearen eskuineko aldetik egin beharko dute eta beste batzuk ezkerreko aldetik, epailearen esanetara.

1.-ariketa_bakoitien-irudia
2. ariketa

 

Bigarren ariketara lehenengoan puntuazio handiena lortzen duten txakurrak pasatuko dira.

Bigarren ariketa honetan, banderatxoz adierazitako bide batetik bidaliko du txakurra artzainak, itzulia egin eta artaldea hartu beharko du eta zuzenean eskortan sartu. Sartzea lortu ondoren, atera egin beharko du. Dena 7 minutuan.

Amaieran, bi ariketetako puntuak batuz lortuko da sailkapen orokorra.

2.-ariketaren-irudia

Kontuan hartu beharrekoak

Beste jarraibide askoren artean, honakoak hartu behar dituzte kontuan parte hartzaileek.

  • Txakurrak ezin die kosk egin ardiei. Halakorik gertatuz gero, txapelketatik kanpo gera daiteke.
  • Parte hartzeko ordena zozketa bidez zehazten da.
  • Txakurrak ez badu artalde osoa sartzen edo zehaztutako denbora gainditzen badu, zigorra jasoko du.
  • Zigortu egingo da animaliak modu txarrean tratatzea edo txakurrari zakarkeriaz hitz egitea.
  • Artzainak bere tokian egon behar du ariketak iraun artean, epaimahaiaren aurrean, eta ezin da hortik mugitu.
  • Hesien arteko tartea 2 eta 2,5 metro ingurukoa da.

Ikuskizuna paregabea da, liluratu egiten du artzainaren eta txakurraren arteko loturak, txakurren adimenak eta zintzotasunak, eta gure landa-eremu zoragarriaz gozatzeko aukera ematen du, izan ere, Axpen, Anbotoko magalean izan ohi da, eta izango da aurtengoa ere.

Halako txapelketan jai giroa nagusitzen da, tradizioa eta historia uztartuz. Askotan, txapelketa egunean dantzak edo musika ere izaten baitira.

Azkenik, ohar garrantzitsu bat: konturatuko zaretenez, artzainak eta txakurrak lanean ari direnean, isiltasun osoa behar dute, kontzentrazio handiko lana baita, beraz, saiatu errespetatzen. Ondo pasa! 

 

**Irudiak eta datu orokorrak: EHATE

Leave a Reply