Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka huts egin ezinezko zita, lagun zaharrak ikusteko parada, egun-pasa egiteko aitzakia, azken nobedadeen berri kuxkuxean ibiltzeko aukera, gustuko idazle edo musikariak sinatutako liburu edo diskoa besapean etxera itzultzea… hori dena eta askoz gehiago ere bada DURANGOKO AZOKA, gaur egun letra larriz idazten den urteroko hitzordua.
Durangoko azoka ekimena 1965ean jarri zuen martxan Gerediaga Elkarteak. Helburu argi bat zeukan: frankismoaren diktadurapean Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzako ekoizpena ezagutzera ematea, eta euskal literatura eta kantagintza garaikideari hauspoa ematea. Kulturgileen topaleku izatea ere bai.
Lehenengo edizio hura Andra Mariko elizpean egin zen, Domu Santu egunean. Lehenengo azoka hartan, 19 erakusle izan ziren.
1974. urtera arte egin zen Andra Mariko elizpean, 1967an izan ezik, ez baitzen azokarik egin elizan konpontze lanetan ari zirelako. Handik, orduko gobernadore zibilak elizpean egitea debekatu ondoren, Merkatu Plazara aldatu ziren, eta bertan egin zituen urterik gehienak, 1974tik 1996ra, hain zuzen, tartean data ere aldatuta, Domu Santu egun ingurutik, abenduko lehen egunetara. 2003. urteaz geroztik, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka Landakoko erakustazokan egiten da.
Garrantzi bereziko hitzordua izan da eta da Durangoko Azoka; izan ere, euskal liburu eta diskoak erakutsi eta saltzeaz gain, kultur eragileen topagune bihurtu da, eta urtetik urtera, gero eta jende gehiago erakarri izan du Azokak. Azokan zehar, idazleek eta irakurleek, musikariek eta entzuleek elkarrekin egoteko aukera ere badute, eta lan berriak aurkezteko parada izaten da. Gaur egun, gainera, kulturzaleen topagune bihurtua da Azoka, eta eskaintza zabala izaten da hainbat arlotan, eta publiko ororentzat.
Hala, arloak ere bilakatzen joan dira urteetan zehar: Haur literatura aretoa zabaltzen hasi zen Azokari lotuta, 12 urtera arteko gaztetxoei literaturara hurbiltzeko eskaintza. Gaur egun Saguganbara du izena, eta azokaren bueltan sortu diren guneetako bat da.
Badira gehiago. 2008an, hain zuzen, Ahotsenea sortu zuten Gerediaga Elkartearen laguntzarekin. Gune horretan, zuzenekoen eta solasaldien bidez ematen dira ezagutzera musika proposamen berriak.
2010ean, berriz, Irudienea eta Szenatokia guneak sortu ziren Azokari atxikita, ikus-entzunezkoak eta arte eszenikoak ere kultura direla azpimarratzeko.
2012an Kabi@ sortu zen, kultura digitalaren eredu berrien inguruan esperimentatzeko.
2020an, online azoka ipini zen martxan, pandemiak hartara behartuta, baina azokaren funtsa, esentzia, aurrez aurrekoa da, eta 2023ko edizio honetan, ez da online azokarik izango.
Ohiko guneez gain, aparteko ekimenak ere bultzatzen ditu Azokak eta duela bost urtetik hona DA!PRO topaketa antolatzen dute, sortzaile eta programatzaileen arteko lankidetza sustatzeko.
Fantasiazkoa da aurtengo edizioa iragartzeko kartela ere, eta berezitasuna du: hiru dimentsioko irudia da, errealitate birtualean landua. Errealitate birtualaren bidez modelatu ditu Ximon Agirre egileak bertako irudi guztiak, eta Azokaren elementuak jasotzen dituen irudimenezko mundua osatu du.
Argazkiak: Durangoko Azoka eta Gerediaga Elkartea