Inguru zoragarriz beteriko eremua da Durangaldea; orografiak alde batetik, eta historiak bestetik xarmadun txokoz bete dituzte inguruak. Herri eta auzo guztietan topatuko dugu harrituko gaituen zerbait, baina adierazgarrienak ezagutu nahi badituzu, ezin dituzu utzi bisitatu gabe honako hauek. Liluratu egingo zaituzte.
1. Argiñetako nekropolia
Herria: Elorrio
Euskal Herriko hileta monumentu garrantzitsuenetakoa da Argiñetako nekropolia. Baselizaren barruko hilarriek eta kanpoko hilobiek VII. eta IX. mendeetara eramango gaituzte. Ilunabarrean bisitatuz, hango argi-itzalen jolasaz, leku magikoa dela ikusiko dugu.
Berezitasunak:
- Hogei hilobi eta bost hilarriz osaturik dago.
- Hilobiak eta hilarriak Oiz mendiko harrobietako hareharriarekin eginak dira.
- Hilobiek bi atal dituzte: pieza bakarreko kaxa antropomorfoa eta teilatutxo moduko triangelu erako estalkia.
- Haietako batzuk hileta-inskripzioak dituzte, kokaleku kristauen agerpenari buruzko lekukotasun idatzi zaharrenetakoak.
- Baselizaren barruan hamahiru piezak osatzen dute hilarri-multzoa. Kanpoko aldean, berriz, hilarri interesgarrienen bost kopia daude ikusgai.
- Zabalik dagoenez, nahi denean bisita daiteke.
Informazio gehiago:
2. Landaederra
Herria: Durango
Durangoko Orozketa auzoan gora, distantzia laburrak urrun eramango gaitu. Herrigunetik ihes egiteko, Mugarraren handitasuna gertutik sentitzeko. Landaederrak aisialdiaz gozatzeko aukera emango digu, bai eta inguruko tontor eta leku ikusgarrietara iristeko abiapuntua ere. Paisaia lasaigarria, inguru paregabea, aurrera jarraitzeko indarrak biltzeko, zein bertan gozatzeko.
Zer ikusi:
- Mugarra mendia
- Mugarra eta Legarmendiko harrobiak
- Orozketa auzoa
- Santiagoko Ermita
- Mugarrikolandako landak
Informazio gehiago:
3. Sarria auzoa
Herria: Berriz
Arrierrekako uren jardunak eta historiak berak aire zabaleko museo bihurtu dute Berrizko auzo hau. Beste garai batzuetako zubi, errota eta burdinolak topatuko ditugu han-hemen zipriztindurik. Eta garai haietan bertako biztanleek zer egiten zuten kontatuko digute, entzuten jakinez gero. Errotak lotzen zituen gurdibidea antzemango dugu harrizko zubian barrena, eta garai haietako uraren hotsa eta errotarrien durunda iritsiko zaizkigu gure bisitaldian.
Zer ikusi:
- Asentzio baseliza
- Arriko dorretxea
- Beaskoetxea burdinola
Informazio gehiago:
4. Axpe auzoa
Herria: Atxondo
Xarma esaten dugunean burura datorkigun irudia ezerk betetzen badu, hori Atxondo haraneko Axpe auzoa da. Euskal mitologiari lotzen zaion lekurik bada, horixe da Axpe. Ipuinetako irudi bukolikoa ematen diote Anboto, Larrano, Alluitz eta Aitz-Txikiren babespean agertzen diren harrizko etxe eta baserriek, eta txiki sentiaraziko gaitu paisaiaren edertasun handiak.
Zer ikusi:
- San Joan Bataiatzailearen baseliza
- San Martin eliza eta armarria
- Arrazolako bide berdea
Informazio gehiago:
5. Etxaburu dorretxea
Herria: Izurtza
Mañaria errekaren ondoko haitz baten gainean eraikia, Dorretxea dagoen lekutik, inguru osoaren ikuspegi paregabeaz gozatuko dugu, Durangotik Urkiolan barrena igotzen zen galtzada zaharra barne. Haranaren barrenean, inguruan triskantza eragiten zuen basurde baten gordelekuaren gainean eraiki omen zuten Etxaburu dorretxea. Etxearen handitasunak, kondairak berak eta kokapenaren bikaintasunak egiten dute bereziki xarmagarri leku hau.
Zer ikusi:
- San Nikolas eliza
- Bekotorre edo Izurtza dorretxea
- Azpazar errota
- Zabala oinetxea
- Araneko burdinola
Informazio gehiago: