Gure eskualdea sasoi honetan bisitatzeko asmoa badaukazu, ez pentsa zereginik edukiko ez duzunik. Negu sasoian ere, inguruak eta bertako herriak ezagutzeko aukera emango dizuten hainbat ekitaldi egin ohi dira. Zerrendatu egingo dizkizugu ohikoak direnetako batzuk zuk zeuk, zeure gustuen edo gogoaren arabera aukera dezazun.
San Antonio Abadearen eguna
Data: urtarrilaren 17a
Lekua: Urkiolako Santutegia
Hilaren 17an , esaterako, San Antonio Abadearen eguna ospatzen dute Urkiolako Santutegian. Egun horretan, inguruko jendearen bilgune bihurtzen da Urkiolako Santutegia; izan ere, San Antonio Abad animalien zaindaria da, eta egun horretan zein bere animaliarekin hurbiltzen da santutegira abadearen bedeinkazioa jasotzera. Duela zenbait hamarkada, artean, baserrietako azienda zen bedeinkatzen zutena, baina denborarekin, maskotek hartu dute haien lekua. Meza eman ondoren, kanpoaldeko klaustroan bedeinkatzen dituzte animaliak eta bertaratutakoei ogitxoak banatzen zaizkie. Bedeinkapen horrekin, urtebeterako lana, dirua eta osasuna bermatzen omen zaie.
Ekitaldi bitxi hori balia daiteke Urkiolako Parke Naturalera hurbildu eta gero, han inguruetan osteratxo bat egiteko, litekeena da, gainera, elurtuta egotea eta paisaia ikusgarriaz gozatu ahal izatea.
Sagardo Berriaren aurkezpena
Data: urtarrilaren azken aurreko asteburua
Lekua: Amorebieta-Etxano
Sagardoaren denboraldiari ekiteko, urtarrilaren azken aurreko asteburuan (gutxi gorabehera) Bizkaiko Sagardo Berriaren aurkezpena egiten da. Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian egiten da estreinako txotxa, eta pertsona ospetsu bat eraman ohi dute lehenengo sagardo trago hori ematera. Uxarte sagardotegia 400 urte baino gehiago dituen baserrian dago, Montorrako auzoan.
Giro polita izaten da halako egunean sagardotegietan, denboraldiaren hasiera izanik, aukera ederra da hain berezkoa den tradizioa apur bat gertuagotik ezagutzeko.
Abadiñoko San Blas azoka
Data: Otsailaren 3a
Lekua: Abadiño
San Blas otsailaren 3an ospatzen den jai tradizional erlijiosoa da. Euskal Herrian nahiko hedatuta dagoen arren, ospetsu eta garrantzitsuenetakoa Abadiñokoa da, dudarik gabe, eta urtero-urtero milaka pertsona biltzen dira bertan antolatzen duten nekazaritzako azokara. Ganadua eta elikagaiak ikusgai eta salgai izaten dira.
San Blas III. mendeko kristau martiri bat izan zen, medikua, gainera, eta haur baten eztarriko gaitza mirariz sendatu omen zuen. Kristau tradizioan eztarrien zaindaritzat hartzen da horregatik. Ohikoak dira, hortaz, San Blas eguneko kordoiak. Santuaren irudiaren aurrean bedeinkatu ondoren, 9 egunez eraman behar omen dira lepoan (otsailaren 3a barne). Bederatzi egunak igarotakoan, erre egin behar dira eta urte osoan ez omen da eztarriko gaitzik, eztulik ez katarrorik izango.
Ospetsuak dira San Blas eguneko opilak eta erroskilak ere. Horiek ere bedeinkatu egiten direnez, horiek ere eztarriko minaren kontrakoak diren sinesmena dago.
Inauteriak
Data: Otsail amaieran
Lekua: Durangaldeko herri guztietan
Neguaren bukaera aldera Euskal Herriko herri gehientsuenetan ospatzen den jaia da; hortaz, Durangaldeko herri guztietan topatuko dugu egitarauren bat ospakizun horietarako. Onena, zauden herrian zaudela, mozorroa jantzi eta herritarrekin bat egitea izango da zalantzarik gabe.