fbpx Skip to main content
Ibilbideak

Durangaldeko 5 ibilbide esanguratsuenak

Durangaldea

Durangaldearen orografiak ehunka txoko, bazter, inguru eta paisaia ikusgarri sortzen ditu eta horiek hainbat eta hainbat ibilbide eskaintzen dizkigute: pausoz pauso Durangalde osoa ezagutzeko aukera ematen dutenak, zein ibilbide laburren bidez gure txoko eta leku zoragarriak gozatzeko aukera ematen dutenak.

1. GR 229 Mikeldi ibilbidea

Luzera: 8-17 km, etaparen arabera
Iraupena: 3-5 ordu, etaparen arabera
Zailtasuna: Erraza

Mikeldi GR 229 ibilbidea

Mikeldi Ibilbidea ibilbide zirkular luzea da, guztira, 86 kilometro osatzen dituzten bost etapatan banatua:

1. Durango – Atxondo: 17 km – 4/5 ordu
2. Atxondo – Berriz: 8,5 km – 3 ordu
3. Berriz – Garai: 15 km – 4/5 ordu
4. Garai – Amorebieta-Etxano: 16,5 km – 4/5 ordu
5. Amorebieta-Etxano – Durango: 17 km – 4/5 ordu

Ahalegin handiegirik egin gabe, ibilbide honetan zehar eskualdeko herri eta auzo ederrenak bisitatu ahal izango ditugu, eta bertako baserriak, erdi aroko galtzadak, dorretxeak eta ondarea ezagutzeko aukera izango dugu naturaz gozatzen dugun bitartean. Eskualdeak gordetzen dituen leku magiko eta elezaharrez beteriko txokoak agertuko zaizkigu etapa bakoitzean.

Ibilbide hau egiteko aholkuak:
Etapek zailtasun berezirik ez dutenez, ohiko funtsezko aholkuak dira bete beharrekoak. Eguraldiaren araberako jantziak eta oinetakoak erabili, eta etaparen arabera behar izango duzun janaria eta ura eraman

2.Arrazolako bide berdea

Luzera: 10 km
Iraupena: 2 ordu eta erdi
Zailtasuna: Erraza

Mikeldi ibilbidea - GR 229

Ibilbide honetan Durango eta Arrazola lotzen zituen trenbide zaharra zeharkatuko dugu. Oso ibilbide lasaia da, eta baserri eremu zoragarrian barrena ibiliko gara Alluitz, Larrano eta Anboto mendien babesean. Bidean atsedenleku ugari daude eta, gainera, Bizkaiko baserririk zaharrenetarikoa ere ikusiko dugu, fatxadan 1509 urteko inskripzioa duena.

Ibilbide hau egiteko aholkuak:
Familian egiteko oso bide egokia da, inolako zailtasunik ez du, eta bidean tabernak ere aurki daitezke jana edo edana erosteko.

3. Urkiolako portutik Anbotora

Luzera: 10,9 km
Iraupena: 3 ordu
Zailtasuna: Ertaina

Urkiolatik Anbotora

Urkiolako Parkeko gailurrik garaiena da Anboto mendi mitikoa. Ibilbide honetan paisaia ederrez gozatuko dugu eta, gainera, gailurreraino igo gabe ere inguru zoragarri horretan murgiltze hutsa plazera izango da. Gailurrerainoko igoera hiru etapatan antola dezakegu, eta etapa bakoitza txango bakartzat hartu ere: Urkiolatik Asuntzera; Asuntzetik Pagozelaira eta Pagozelaitik gailurrera.

Ibilbide hau egiteko aholkuak:
Anboto gailurra eremu arriskutsua izan daiteke eguraldi txarrarekin; beraz, ondo neurtu behar da noraino iritsi nahi den. Gainerakoan, eguraldiaren araberako jantziak, labain ez egiteko oinetakoak eta makilak eramatea gomendagarria da. Janaria eta ura ahaztu gabe, jakina.

4. Zaldi Gorri ibilbidea

Luzera: 90 km
Iraupena: norberaren erritmoaren arabera
Zailtasuna: erraza

zaldi irteerak durangaldea

Zaldi Gorri ibilbidea Durangaldea zaldiz inguratzen duen ibilbide zirkularra da. Eskualdeko udalerri guztiak zeharkatzen ditu, eta hiru etapatan gauzatzen da:

1. Amorebieta-Etxano – Elorrio
2. Elorrio – Urkiola
3. Urkola – Amorebieta-Etxano
Ibilbide honetan, batez beste 200 edo 300 metroko sestra hartzen da, hiriguneetatik urrun eta asfaltaturiko bideak saihestuz.

Ibilbide erraz samarra da, eta Durangaldearen orografia aberatsaz gozatzeko aukera ematen du

Ibilbide hau egiteko aholkuak:
Ibilbide hau gidaririk gabe egiten da, seinaleztaturik dago panel, QR seinale, gezi eta abarren bidez, eta oso modu errazean gauza daiteke. Gainera, bidean beharrezko zerbitzuak aurkituko ditu zaldizkoak: ostalaritza eskaintza, komunikazio errazak etab.

5. Ardoa eta Arrainaren ibilbidea. GR 38

Luzera: 20 km (5. etapak) / 27 km (6. etapak).
Iraupena: 5 ordu (5. etapak) / 6 (6. etapak)
Zailtasuna: erraza

Ardoa eta Arrrainaren ibilbidea. GR 38

Ibilbide honek Arabar Errioxako mahasti-lurrak Bermeon itsasoarekin lotzen ditu, eta bidean paisaia liluragarriak zeharkatzen ditu. Antzina mandazainek erabiltzen zuten bidea izanik, oraindik ere antzematen dira horren arrastoak. Bide horretan, Durango hiribildua salgaiak trukatzeko helmuga garrantzitsua zen, eta bertatik igarotzen dira ibilbide honen 5. eta 6. etapak.

5. etapa: Otxandio – Durango
Otxandiotik abiatu eta Urkiolako Natur Parkean barrena, Durangorainoko bidea egiten du.

6. etapa: Durango – Gernika
Durangotik Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaraino eramango gaitu bide honek, Garai eta Berrizeko lurretan barrena. Bidean, Goiuria auzo ezaguna edo Momoitioko nekropolia bisitatzeko aukerarekin.

Ibilbide hau egiteko aholkuak:
Ibilbide honek Durangaldean bi aukera ematen ditu; alde batetik Busturialdera jo daiteke, Bermeo edo Gernikaraino, eta, bestetik, Lea-Artibaira jo dezakegu; Lekeitio edo Ondarroaraino.

Leave a Reply