Zalantzarik gabe Durangaldeak bisitari guztien gustuak asetzeko moduko eskaintza dauka, ezin hobeto uztartzen dira bertan tradizioa, mitologia, natura, historia, herri-guneak, modernitatea, kultura, abentura eta, nola ez, gastronomia. Etor zaitezke egun pasa edo aldi bat igarotzera, etor zaitezke bakarrik edo familian, edo bikotean, edo lagun koadrilarekin, berdin dio, denetik egiteko aukera izango duzu.
IKUSI
Hiriko turismoa egitea erabakitzen baduzu, eskualdeko edozein herri hauta dezakegu bertako kaleetatik bueltaxka bat egiteko: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria edo Zaldibar. Horietako batzuetan, bisita gidatuak egiteko aukera duzu (Durangon, Elorrion eta Urkiolako Parke naturalean) gainera, bertako arkitektura, historia edo berezitasunak ikusteko eta ikasteko.
Bestalde, zure aukera naturaz edo aire zabaleko jarduerez gozatzea bada, Durangaldeak harrituko zaitu. Urkiolako Parke Naturalean murgildu ahal izango duzu bere edertasunaz gozatzeko, urteko edozein sasoitan ongi etorria izango zara bertara.
Eskualde osoan aurkituko dituzu bide berde eta mendiko ibilbideak, luzeak edo laburrak, naturaz eta paisaiaz gozatzeaz gain, gorputza apur bat astintzeko:
Horiekin Durangaldea urratsez urrats zeharkatzeko aukera izango duzu, bertako txokoak ezagutuz. Baina ibiltze hutsak asetzen ez bazaitu, bestelako esperientziak ere aurkituko dituzu, nor bere gustura aritzeko: zaldiz edo bizikletaz zeharkatu ahal izango duzu eskualdea, egun batez artzain izan zaitezke, edo kobazuloetara jaitsi edo hormatzarretan eskaladan aritu.
JAN
Baina, jakina, egun osoan atzera eta aurrera edo mendian gora eta behera aritu ondoren, gorputzak atsedena eta mokadu bat (edo bi) eskatzen du. Ez larritu, Durangaldean, maila eta aukera guztiak dituzu: edozein herritan hainbat taberna aurkituko dituzu pintxo bat edo beste jan eta indarrak berreskuratzeko. Agian, ordea, atseden luzeagoa hartu nahi duzu, eta jatordu luze eta lasai bat egin, ez zaizu aukerarik faltako Durangaldeko jatetxeetan aurkituko duzun eskaintzarekin.
Zure aukera, berriz, goi mailako esperientzia gastronomikoa bada, gogoan izan Bizkaian dauden 12 Michelin izardun jatetxeetako 3 eskualdean daudela: Etxebarri (Atxondo); Boroa (Amorebieta-Etxano); Txispa (Atxondo). Baina ez hori bakarrik, Euskadi Gastronomika sareko hainbat jatetxe ere aurkituko dituzu.
EDAN
Zer da jatea tragoxka batekin laguntzen ez badugu, ezta? Ba horretarako ere baduzu nora joan. Ohiko taberna eta jatetxeez gainera, noski, Durangaldean sagardotegi eta txakolindegiak ere aurkituko dituzu.