Modu asko daude inguru berari begiratzeko, eta beste hainbat modu inguru horretaz gozatzeko. Durangaldeak duen orografia bereziak askotariko jarduerak egiteko aukera ematen digu; sokatik zintzilik eta lurpean sartuta. Honako honetan bi proposamen egingo dizkizuegu: eskalada eta espeleologia.
HORMATIK
Eskalatzea gustuko dutenen artean oso ezaguna da gure eskualdea, inguratzen gaituzten hormatzarrek horretarako aukera paregabea eskaintzen baitute. Ezagunena Atxarte ingurua bada ere, badira aukera gehiago ere, duela urte batzuetatik hona prestatu direnak.
Besaide
Besaideko eskalada ingurunea 2013-2014ko neguan prestatu zuten eta Besaideko monumentu berritik 20 minutura dagoen horma batean daude 23 bideak. Besaideko eskalada bideek, 13 eta 30 metro arteko luzera dute eta 5a eta 7b arteko zailtasuna. Horma horietan zailtasun eta harri mota ezberdineko bideak ekipatu dituzte, hasi berrientzat zein jada eskarmentua dutenentzat egokituak.
Nola iritsi?
Onena Elorriotik hurbiltzea da; oinez nahiz autoz. Hortaz, Elorriotik Besaidera doan mendiko pista hatu behar da, bost bat kilometroko ibilbidea eginez, Besaideko monumentuetara iritsiko gara. Autoz igotzea baimenduta dago, baina, hala egiten baduzue, zentzuz jokatu, eta errespetatu oinez edo bizikletan doazenak.
Eskaladarako hormetara iristeko, ez da monumentuetaraino joan behar. Besaideko iturritik 4 edo 5 metrora abiatzen den bidetik jo behar dugu eskalada-bideetara iristeko.
Edozein eskalatzaile joan daiteke bide horiek egitera, baina komeni da federatuta egotea eta gutxieneko ezagutzak edukitzea.
Besaideko bideak (Argazkia: Untzillaitz Sur)
Atxarte
Axtxiki eta Alluitz mendien artean dagoen haitzartea da Atxarte. Abadiño udalerrian kokatuta eta Urkiolako Parke Naturalaren barruan. Inguru hau bereziki ezaguna da eskalatzaileen artean; izan ere, 400 eskalada-bide baino gehiago daude bertan IVtik 8bra arteko zailtasunarekin, leku zoragarri batean eskaladaz gozatu ahal izateko. Inguru honetako hormak kareharri grisezkoak dira, eta haitza, oro har, trinkoa eta luzea da. Parke Naturalean dagoenez, eskalada araututa dago, eta komeni da haitzartean habia egiten duten hegaztiak kontuan hartzea.
Nola iritsi?
Atxartera BI-632 errepidetik iritsiko gara, Muntsaratz auzoan Mendiolarantz jota auzobide batean barrena. Hiru bat kilometro ingurura, harrobietara iritsiko gara eta kotxez bagoaz, hortxe utziko dugu. Hortik, guk aukeratutako gunerako bidea hartu beharko dugu.
Aurrekoatxa (Argazkia: Abadiñoko Udala)
Oiz
Ametzorbe mendiaren inguruan (600 m) dagoen hareharrizko eremu bat da. Mendi hori, hain zuzen, tamaina askotako hareharrizko blokez osatuta dago, eta horrek ematen du eskaladarako aukera. Ametzorben bi eskalada gune daude: Ametzorbe mendiaren hegoaldekoa eta iparraldekoa.
Iparraldeko gunean, blokearen punturik altuenak 13- 15 m inguru ditu. Bertan 18 bide aurkituko ditugu 5 eta 7a zailtasun artekoak.
Hegoaldeko gunean harri tinkoagoa aurkituko dugu, eta egokiagoa da hasiberrientzat. Hemen 29 bide aurkituko ditugu 4c eta 6c zailtasun artekoak.
Nola iritsi?
Ametzorbe askorentzat ia ezezaguna den arren, oso leku aproposa da eskaladan aritzeko, oso erraz iristen baita bertara. Modurik errazena autoa Oizerako bidean dagoen mendiko askari gunean uztea da, Garaitik edo Goiuriatik igota. Hortik aurrera mendiko pista bat hartu behar da, eta pinudi bat igarotakoan, berehala agertzen dira borda eta Ametzorbe arroka.
(Argazkia: Untzillaitz Sur)
LURPEAN
Bigarren proposamena lurpean murgiltzea da; espeleologiaren bidez, Urkiolako Parke Naturaleko bitxietako bat ezagutuko dugu: Marko haitzuloa.
Haitzulo hau Mañarian dago, eta gure eskualdean, espeleologia egiteko bisita daitekeen bakarretako bat da. Kobazuloaren sarrera sasi artean ezkutatuta dago, baina behin barruan, mundu ezezagun bat agertuko zaigu bistan: estalaktitak eta estalagmitak, biek bat eginik sortutako zutabeak, gourak, karbonatodun gortinak, eta batez ere, estalaktita eszentrikoak. Kobazuloak altuera ezberdinetan dauden aretoak ditu, eta batetik bestera iristeko, eskalatu eta zulo txikietan barrena igaro beharko dugu.
Kobazuloa urte osoan bisita daiteke, 10 urtetik gorako jendearentzako aproposa da eta 3-4 orduko ibilbidea egin daiteke barruan. Jakina, bisitak taldean egiten dira eta arduradun/teknikari batekin.
Marko koba bisitatu ondoren, handik hurbil dagoen Askondo kobara hurbil gaitezke, oraindik kontserbatzen diren labar-margoak ikustera.
(Argazkia: Inguru Abentura)