
Bizkaiak dituen ezaugarri geologikoengatik, hainbat material natural ustiatu ahal izan dira historian zehar. Ezagunena burdina den arren, ez da bakarra. Beste azaleratze batzuk ere badira eta horiek ere erauziak izan dira: kareharriak, arbelak, hareharriak, kareharri tupatsuak, margak, basaltoa, igeltsua, besteak beste. Hala, hainbat harrobi garrantzitsu garatuz joan ziren, eta horietako batzuk, bertako kareharriek leuntzeko zuten erraztasun bereziagatik, apaingarri gisa merkaturatu ziren harria erauzteko baliatu ziren, bereziki, Markina-Aulestia, Arteaga-Ereño eta Durangaldean (Abadiñon eta Mañarian).
Urkiola Parke Naturalean kokatutako harrobi hauetan marmol antzeko kareharria erauzten zen, eta zainen kolore ukituaren arabera; Markina beltza, Markina loratua, Ereño gorria edo Mañaria grisa izena hartzen zuten.
Atxa-txiki eta Atxarteko harrobiak (Abadiño) 1995era arte egon zen jardunean, eta ordutik, harrobia izan zen eremu hori guztia erabat berreskuratu gabe dago.
Mañariko harrobiak, berriz duela gutxira arte egon dira jardunean, eta historia luzeagoa daukate.
Amantegi, Mutxate eta Zallobenta enpresen harrobiek Mugarra, Untzillaitz eta Eskubaratz mendiak ustiatu izan dituzte.
XVIII. mendean zehar hasi ziren ustiatzen Mañariko marmol-harrobiak, eta berehala, zerro zuriko marmol beltza ospetsu egin zen. Hala, herriarenak izatetik, Espainiako erregearen agindupean egotera aldatu ziren, hainbat eskari eginez, harrobia “haientzat” bakarrik lanean aritzera behartuz, herriak inolako irabazirik atera gabe. Izan ere, garai hartan hainbat eskari jaso zituzten, besteak beste, Madrilgo Errege Jauregirako marmolezko 22 koloma, edo Errioxako Kukullako San Millango monasterioko mahaia. Bitxikeria gisa, Madrilera eraman ziren kolometako bat hautsi egin zen bidean, eta, gaur egun, Galtzada baserriaren alboan ikus daiteke koloma hura.
Marmol-harrobiak 1974 ingurura arte ustiatu ziren, eta hortik aurrera, kareharria ustiatzen hasi ziren.
Egun ustiatzen ez badira ere, Mañariko harrobiak udalerriaren inguruko gain batean kokatuta egon ziren, altuera ezberdinetan. Antzinakoenak, Azkoiti baserriaren ondokoa edo Iturrietakoa dira, eta haien ondoan, modernoagoa, Angurreta, Larreta-Atxostekoa.
Angurreta Harrobia Arte Espazioa
Angurreta Harrobia Arte Espazioa izeneko elkarteak azken urteetan egindako berreskuratze lanaren emaitza da. Duela 50 urte baino gehiago harria erauzteari utzi ondoren, ingurua berreskuratzeko ahalegin berezia egin da Angurreta harrobian, eta Mañaria grisa izenez merkaturatutako marmolaz hornitzen zuen harrobia, arte garaikidea praktikatzeko eta naturaz gozatzeko espazioa bihurtzen hasi zen Victor Arrizabalaga artistaren eskutik. Artista durangarrak 2018. urtean espazioa erosi eta egokitzeari ekin zion, horrela diseinatu du 16.000 metro koadroko espazioa arte eta kultur jarduerak gauzatzeko leku bihurtzeko. Artea sustatzeaz gain, elkarte honen helburua ere bada Mañariko harrobiek eskualdean eta udalerrian izandako garrantziaz jabearaztea.
Denboraren aztarnak erakusketa
Natura betean dagoen harrobi izandako espazio hau edertu, handitu eta nabarmendu egin dezake gizakiaren ukituak. Halaxe egin du Tadanori Yamaguchi artista japoniarrak datozen hiru urteetan ikusgai egongo den erakusketarekin. 2023ko maiatzean inauguratu zen Denboraren aztarnak izenburupean erakusketa, eta artistak espazio horretarako beren-beregi egindako hainbat eskultura kokatu ditu eremu horretan, denboraren joanaren lekuko gisa. Aluminiozko eskultura poliedriko irregularrak dira, eta tokiari berari doitzeko propio eraiki ditu egileak. Pieza horietako bakoitzak harrobiaren espazio zehatz bat nabarmentzen du, eta piezaren eta inguruaren arteko elkarrizketa proposatzen du. Eremu bakoitzean artelan bana kokatu du: Argi-prisma izenekoa, Eskuagatx mendiari begiratzeko leihoa; Uholdea, horma batean eskegita dagoena; Masa, harrobitik erauzi ohi ziren harri handi horietako baten itxura duena; eta Magma, bor-borka irteten dabilen zeozer iradokitzen duena. Tadanori beraren eskulturez gain, Victor Arrizabalagarenak ere ikusgai egongo dira.

Bisitak
Asteartetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara.
Larunbat, igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.
Bisitak doakoak dira eta laguntzaile batekin egingo dira irailaren amaiera arte. Bisita gidatuak, berriz, 5 euro balio dute eta aurrez eskatuta egingo dira. Urritik aurrera, berriz, enkarguzko bisitak soilik egingo dira. Edozein kasutan, helbide honetara idatzi behar da: angurreta@gmail.com edo 656738324 telefono zenbakian.
Angurreta Harrobia Arte Espaziora nola iritsi.
Bertatik bertara bisitatzeaz gain, badago inguru osoan zehar ibilbidea egiteko aukerarik ere.