
Durangaldea Bizkaiko hego-ekialdean dagoen barnealdeko eskualdea da, eta barnean hartzen ditu Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar udalerriak, guztira, 96.673 biztanle inguru (2024ko datua).
Oiz eta Anboto arteko arro geografikoa osatzen du, eta identitate kultural eta linguistiko handiko eremua da Bizkaian; izan ere, euskararen presentzia historiko handiena duen eskualdeetako bat da.
Durangaldea eskualde euskalduna izan da betidanik, baina euskararen presentzia eta erabilera ez dira homogeneoak udalerri guztietan; aldea dago, landa-eremuko udalerrien eta udalerri urbanoagoen artean, esaterako. Mañarian, adibidez, euskaldunen kopurua % 88ekoa da, eta Ermuan, berriz, euskararen erabilera % 7,2koa da.
Durangaldea garrantzi handiko eskualdea da euskarari eta euskal kulturari dagokionez, eta erreferente bihurtu da Durangoko Azoka, bertsolaritza eta bestelako kultur eskaintzei esker, eta, ezinbestean, oso lotuta agertzen dira beti Durangaldea eta euskara.
Mendebaldeko euskara
Eskualdean erabiltzen den euskalkia Mendebaldeko euskara edo bizkaiera da (Mendebalekoa). Beste euskalkiekiko eta batuarekiko alde fonetiko eta gramatikalak ditu, bai eta hiztegi aldekoak ere. Euskalki hau ez da soilik Bizkaira mugatzen, aldiz, Gipuzkoako Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetan eta Arabako Aramaio eta Legution ere erabiltzen da. Hala ere, ez da euskalki homogeneoa eta hainbat azpieuskalkitan banatzen da hau ere, tartean Durangaldekoa.
Durangaldeko azpieuskalkiak baditu berezko ezaugarriak nahiz eta ez diren udalerri guztietan berdin betetzen, adibidez, gainerako euskalkietan e dagoen tokian, euskalki honetan a agertzen da: berri /barri, elkar / alkar, etab. Baina gainerako euskalkiekiko alderik handiena, segur aski, aditzetan nabaritzen da: dodaz, dogu, dabe… Nor-nori-nork sailekoetan, esaterako: deutsut, deusku, deutsagu, deuskuzu… Nor-nori sailekoetan: jata, jatzu, jake… ahoskera desberdinarekin lekuaren arabera: yata, dxata, xata…
Durangaldea omen da bizkaieraren muga biguna, gipuzkera eta bizkaiera elkartzen diren eremu naturala izanik, Durangaldeko bizkaiera ez ei da hain gordina.
Hala ere, gaur egun, gazteek nahasi egiten dute euskalkia eta euskara batua, esan daiteke bizkaieratik hartzen dituztela melodia eta hitzak, baina euskara batuko gramatikarekin.
Herrietako berezitasunak
Mendialdean hizkera kontserbadoreagoa da (Otxandioko zuen-zue, etorri dau – etorri daue), eta bukaerako –e oso bizirik dago. Mañariakoa esaterako, oso melodikoa da.
Ibarraldean bizkaiera estandarragoa da, eta batuaren eragin handia dauka. Durango da batua eta bizkaiera modernoak bat egiten duten eremu nagusia. Iurretakoa Durangaldeko zaharrenetarikotzat jotzen da.
Ekialdean hizkera leunagoa da, gipuzkeraren kutsu apal batekin, zubi-hizkera.
Zornotzakoak bizkaiera zentralerantz jotzen du, eta Bilbo-Gernika ardatzarekin lotzen da.
Ermuan berriz, euskaldun zaharren hizkerak Eibarko euskararen antza du, baina gaur egun funtsean batua da nagusi.
Aldeak alde, ordea, euskarak bizirik eta indartsu dirauen eskualdea da Durangaldea.






