fbpx Skip to main content
Txirrindula mendi buelta

Durangaldeko hiru mendate historiko bideko bizikletan

Eskualde txirrinduzalea da gurea. Bidegorri sare bikaina izango duena laster, gainera, bertako zein kanpotik etorritako ziklistentzat, Berriz eta Elorrion hasi eta Atxondo auzoan barrena Zornotzaraino, Durangotik pasatuz.

Historian zehar, gainera, oso ezagunak izan diren ziklistak jaio eta bizi izan dira bertan. Besteak beste, Andres Gandarias, Javier Elorriaga, Marino Lejarreta, Julian Gorospe, Mikel Zarrabeitia, David Etxebarria, Unai Etxebarria edo Beñat Intxausti. Ezin aipatu barik uzti Cafés Baqué taldea ere.

Emakumeen txirrindularitzan ere esanguratsua da Durangaldea, Agurtzane Elorriaga lako txirrindulari bat ez ezik, oinarrizko ekimen garrantzitsuak gauzatu baitira bertan: Emakumeen Bira, adibidez, edo Bizkaia-Panda taldea, besteak beste.

Txirrindulari profesionala izan beharrik gabe ere, asko eta asko dira Durangalde osoan zehar astero bizikletan ibiltzen diren zaleak, lasterketa ofizialetan ezagun egin diren mendateetan zehar askotan.  

Durangaldera bisitari zatozten txirrinduzaleontzat gonbidapen bat duzue ondoko aukeraketa hau, beraz, hiru mendatetan gora eta behera gozatu dezazuen.

Urkiola (754 m)

Dudarik gabe Urkiola da, Mañariatik igoz gero bere %9ko batez besteko erripadun 6 kilometroekin, Durangaldeko mendate ezagun eta epikoena, lasterketa askotako portu nagusia izan baita. Egunero aurkituko duzue txirrindulariren bat bere maldetan bihurriturik goraka, eta bere bihurguneekin gozatzen beheraka. 

Tontorreko santutegia bisitatuta, itzuli oso bat egin nahi izatera, Urkiola Parke Naturalean zehar Otxandioraino joan eta bertako plazan indarrak berrituta, Diman zehar jaitsi eta Zornotzatik Durango aldera osatu dezakezue txangoa.

Txirrinduzale lehiakorra bazara eta Durangaldetik etxera bueltan lagunei erakusteko moduko argazkia nahi baduzu, ezin duzu Urkiola igo barik joan.

Txirrindula durangaldea

Muniketa (381 m)

Iurretatik Muxikarako bidean dago Muniketa gaina, lasterketa askoren ebazle izandakoa hau ere, eta ohiko mendatea da inguruotako txirrinduzaleen artean, Durangaldetik Busturiako edo Lea Artibaiko kostaldeetara bidean. Iurretatik abiatuta, Orobioko auzunea igaro ondoren hasten da eskualdeko Alpe d’Huez txikia: %7ko erripadun bere 3,7 kilometro, 180 graduko bihurguneak lotuz. 

Kostalderaino joan nahi ez duenak, Ibarruri auzora jaitsita eskumatara hartu eta Ajuria auzoan zehar joan daiteke, Oiz mendiaren magalean, Urrutxuko bidegurutzeraino helduta berriz Iurretarako bidea hartzeko, Muniketan behera egiteko lehenago igotako bidean.

Dudarik gabe, itzuli hau aukera bikaina da errepide lasaietan 30 bat kilometroko itzulia egin nahi duen txirrinduzalearentzat.

Txirrindula durangaldea

Elgeta (473 m)

Durangaldeko hirugarren mendaterik esanguratsuena da Elgeta, lasterketa bat baino gehiagotan protagonista izandakoa hau ere. Elorriotik abiatuta, 4 kilometro dira %7ko batez besteko erripan gora, Elgeta Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko muga-herri txiki eta dotorera joan daiteke, bertako plazan gorputzari atsedena eta begiei ederra eskaintzeko.

Ondoren, etorri garen bidetik jaitsi gaitezke berriz, edo, bestela, lehenago Elgeta herrira heldu aurretik pasatu dugun biribilgunera itzuli eta Kanpazar (451 m) aldera garamatzan bidea hartuta, handik behera itzuli gaitezke Elorriora, ibilbide ederra osatuz. 

Gorputza proban jarri eta buruari askatasun apur bat emateko aukera aparta hirugarren hau ere!

Durangaldeko mendiak

Leave a Reply