Malkartsuak dira inguratzen gaituzten lurrak, indartsuak lur hauek landu dituzten eskuak. Lur malkartsu eta esku indartsuen arteko dantza finean hazi dira barazkiak, egunez egun zaindutako animalietatik lortu dira okela, esnea eta arrautzak. Gizakia eta amalurraren arteko harreman estua.
Herri egiturak sortu baino lehenagokoa da hau, hamalau herri txiki sortzeko kapazak izan ziren familiena. Harro esan dezakegu baserriko lanetik sortu zela Durangaldea.
Hori gutxi balitz, gaur egunera arte bizirauten jakin izan dute. XXI. mendeko baserri bilakatu dira, gizartearen eskariari egokitutako proiektuak. Eskuek puntako teknologiarekin batera egiten dute lan orain. Zehaztasuna, garbitasuna eta aniztasuna lege, Durangaldea elikatzeko eskaintza zabala dute.
Proiektu hauek ezagutzeko bide zuzenena merkatu plazak dira. Astero nekazari ekoizleen presentziaz gozatzeko plazak, egungo jendarte eredu frenetikoarekin haustura egiteko leku paregabeak.
Hemen Durangangaldeko plazen ordutegiak eta kokalekuak:
- Matiena: asteazkena 09:00tik 13:00ak arte, Perulanda kalean.
- Durango: Merkatu Plaza, larunbatetan 09:00tik 13:00ak arte Azoka kalean eta Abastos azoka aste bitartean 08:30tik 13:30ak arte eta 17:00tik 20:00ak arte, eta larunbatetan 08:00tik 14:00ak arte.
- Elorrio: ostirala 08:00tik 13:00ak arte, Elorrio aparkalekuan.
- Zornotza: igandea 08:00tik 11:30ak arte, Ixer aparkalekuan.
- Iurreta: hileko lehenengo eta hirugarren osteguna 09:00tik 13:00ak arte, Aita San Migel plaza.
Gizartearen eraldaketarekin batera plazetatik haratago saltzea beharrezkoa da gaur egun. Urkiola Landa Garapen Elkarteak, Durangaldeko ekoizle eta dendariekin batera Durangaldea Elikadura marka sortu zuten bertako produktuak identifikatzeko.
Gaur egun, 18 denda bazkidek eskaintzen dute 48 ekoizpen proiektuk ekoitzitako produktuak: ortuariak, ogia, kontserbak, haragia, gazta, arrautzak, txakolina, sagardoa, garagardoa, …
Jon, Alazne, Jaime, Ana, Roman, Berenice, Aitor, Saioa, Ibon… Gure kulturaren iragana eta geroa. Beraien etxeetako ateak irekitzeko prest dauden pertsonak.
Durangaldera bisitan bazatozte hurbildu baserrietara, animatu bertako proiektuak ezagutzera. Herri gunera bazatozte, bilatu ezazue bertako produktua dela ziurtatzen duen “D” a. Bertako ekoizleak eta bertako merkataritza babesteko sortutako marka.
Zatoz Durangaldera!