fbpx Skip to main content
Natur Ibilbideak Urkiolatik

Durangaldea autoz

Luzera

50 kilometro

Iraupena

Egun batean egiteko modukoa

Zailtasuna

Erraza

Etapak

1

Ibilbide honek Durangaldeko “ezinbesteko” guztiak egiteko aukera ematen du. Urkiolako Parke Naturaletik abiatuta, mendatea jaitsi eta Mañaria eta Izurtza igaro ondoren, Durangon sartuko gara Tabiratik. Hemen merezi du alde zahar zaindua eta Historia eta Arte Museoa bisitatzea. Goiuria, Momoitio eta Garaiko Durangaldeko balkoietara igo ondoren, Gerediagatik jaitsi eta Berriz aldera abiatuko gara. Bertan, Berrizjauregiko lorategi botaniko-historikoa bisitatuko dugu, herriko udaletxearen ondoan.

Elorrioko norabidean jarraituko dugu, baina, hirigune historikora iritsi aurretik, Arginetako nekropolia bisitatuko dugu. Elorrio ikusi eta gero, Abadinoko Muntsaratz dorrerantz abiatuko gara, baina, dorre horretara iritsi baino lehen, merezi du ezkerrera desbideratzea, Urkiolako Parke Naturalaren beste ikuspegi bat bilatzeko. Kasu honetan, iparraldetik, Atxondo bailara berdeko baserriak ikusiko ditugu, Anbotoko harri-muturraren azpian eta Arrazolako Bide Berdearen ondoan.

Ibilbidea ikusi

Interes botanikoa

Pagadi lepatuak, urkiak eta Gernikako arbolaren kimua Urkiolan
Santutegiaren inguruetan pagadi lepatuak ezagutzeko modurik errazena daukazu. Pagoen adarrak inausteko modu berezi honek argimutilaren forma karakteristikoa hartzea eragiten du. Pagadi lepatuez gain, bertan haritz berezi bat, Gernikako Arbolaren kimua eta urki batzuk aurkituko ditugu. Azken espezie hau ugaria izango zen inguru honetan, Urkiola izena bertatik baitator.

Pinondo plazako zuhaitz apartak
Jauregi indiano bateko lorategi pribatu zahar hau gaur egun parke publiko bat da. Bertan “erraldoi berde” batzuk nabarmentzen dira, hala nola Libanoko zedro bat, Atlaseko zedro bat eta Sekuoia handi bat.

Garaiko artea

Arte monumental hau baserri baten ondoan dago, BI-3341 errepidetik gertu, Goiuria eta Garai artean. “Zuhaitz aparta” gisa izendatuta dago Eusko Jaurlaritzaren katalogoan.

Momoitioko ehun urte gorako haritzak eta arteak
Momoition, baselizaz eta begiratokiaz gain, tamaina handiko haritz multzo bat aurkituko dugu, tokiari xarma berezia ematen dionak. Inguruko zelaietan aurkitu ahal ditugun arte zaharrei erreparatzea benetan merezi du.

Berrizjauregiko lorategi botaniko-historikoa

Jauregi baten izandako lursail zati batean murgilduko gara. Jauregia, gaur egun, Berrizko udalaren egoitza da. Tamaina handikoak diren espezie autoktono eta exotikoen zuhaitzez gain, lorategi zoragarri honetan, udalerriaren historiarekin lotura estua duten beste elementu garrantzitsu batzuk aurkituko ditugu.

Arginetako ehun urte gorako haritzak
Arginetara hurbiltzen denak bere nekropoli ospetsua bisitatzeko egiten du ziurrenik, baina bere harrizko hilarriak ez lirateke berdin jantziko, dauden leku magikoan ez baleude, ehun urtetik gorako haritzez osatutako baso txiki batez inguraturik.

Elorrioko jauregietako lorategiak
Elorrio jauregiz zipriztindua dago han eta hemen, eta ez dago jauregirik lorategirik gabe. Bere alde zaharretik paseatuz gero, parke bihurtutako lorategi zahar batzuetan sartu ahal izango zara, eta bertako kaleetatik, jauregikoek soilik erabiltzeko dauden lorategiak eta zuhaitz monumentalak ikusi ahal izango dituzu kanpotik.

< Aurrekoa

OIZ

Hurrengoa >

ARDOA GR

Informazio gehiago