fbpx Skip to main content
AisialdiaArteaKulturaXarmadun Txokoak

DURANGALDEA, ANTZINAKO ALTXORRAK

Santa Ana - Durango

Durangaldea, gure eskualdea, altxorrez beterik dago: paisaia, mendia, ezkutuko bazterrak… baina baita antzinako historia gordetzen duten eraikin, dorre eta, nola ez, antzinako herri-guneak ere. Gure eskualdean, hain zuzen,  monumentu historiko edo monumentu multzo izendaturiko bi udalerri ditugu: Durango eta Elorrioko alde zaharrak.

Durango, monumentu multzoa

Durango hiribildua XIII. mendearen amaieran sortu zen Villanueva de Tabira izenarekin. Hiribildu harresitua izan zen, bost sarbiderekin, bertara iristen ziren bost bideetan bana. Egungo alde zaharraren egitura, monumentu multzo izendatuta dagoena, Ipar-Hego noranzkoko hiru kalek, Barrenkale, Artekale eta Goienkale (aurrerago, Kalebarria ere atxiki zitzaion), eta horiek zeharkatzen dituen Zeharkaleak osatzen dute. Mutur banatan, bi plaza eta herri-gunea egituratzen duten bi elizak: Santa Ana hegoaldean, eta Uribarriko Andra Mari eliza iparraldean.

Urteen joanean herriak bizi izan dituen aldaketen gainetik –bereziki,  1936ko bonbardaketa–  garai hartako trazaketari eusten dio gaur egun, eta elementu bereziki adierazgarriak ikus ditzakegu oraindik ere:  Santa Ana arkua,  Antzinako liburutegia,  Goienkale, Artekale eta Andra Mari inguruko hainbat etxe, esaterako.

Santa Ana - Durango

Durangoko alde zaharrean sartzean, Andra Mari Basilika ikusten da lehenik, estilo gotiko eta errenazentistako eliza, zurezko atari ikusgarria duena, eta, haren ondoan, Arandañoko dorrea.

Barrenkaletik gora, Lariz Dorrea igaro, eta Santa Ana plaza ederrera iristen da. Han aurkituko ditugu izen bereko eliza eta arkua.

Artekalen behera, udaletxea aurkituko dugu, XVI. mendeko eraikin klasikoa, eta fatxadan oso margo deigarriak dituena. Eta handik behera, Andra Marira iritsiko gara.

Ez da ibilbide luzea, atsegina bai, ordea, han hemen etxe ikusgarriak aurkituko ditugu eta, nola ez, alde zaharrari bizitasuna ematen dioten dendak eta tabernak.

Ezin hobeto ezagutzeko aukera ematen du bisita gidatua egiteak.

Andra Mari portikoa - Durango

Elorrio, monumentu historikoa

Elorrio hiribildua 1356an sortu zuen Don Tello Bizkaiko Jaunak, San Agustin Etxebarriako Elizateko lurretan. Hiribildua batez ere defentsarako pentsatuta eraiki zen, bizpahiru solairuko etxeekin.  Hasierako guneak lauki erako plano erregularra zuen,  Ekialdetik Mendebalderako bi kale paralelotan antolatutako hirurogei bat etxerekin. Hiribildura sartzeko sei ate zeuden, lau, kaleetako mutur banatan, eta beste bi zeharkako kantoian. XV. mendetik aurrera, hiribildua handitu ahala, inguruetako arrabalak sortzen hasi ziren eta harresitik kanpo eraiki zen lehenengotako eraikina Sortzez Garbiaren basilika izan zen, hain zuzen. XVIII. mendearen amaierarako bazuen gaur egungo alde zaharra osatzen duen egitura. Gaur egungo Errekakale eta Kanpokale, eta Elvira Iñurrieta zeharkako kantoiak euste diete antzinako egiturari. Antzinako harresia XIX. mendean eraitsi zen arren, oraindik zatiren bat ikus daiteke Errekakaleko atzeko aldean, bai eta orduko sarbideetako bat izan zen Kanpokaleko atean. Kanpokalen dagoen Arespakotxaga Mendibil jauregiari atxikita aurkituko dugu herrirako sarbideetako bat.

Durangaldea monumentu eta eskulturak

Baina egitura ez da alde zaharraren elementurik garrantzitsuena, bertako jauregiak, eta jauregi kopurua baizik. Elorrion hogeita hamar bat jauregi eta oinetxe daude herri-gunean, XVI eta XIX. mende artekoak. Jauregietako askok, gainera, armarri ederrak ditu ikusgai. Hortaz, Elorrioko kaleetan barrena ibiltzea, denboran atzera egitea da. Baina elementu gehiago ere baditu Elorrioko alde zahar honek; izan ere, deigarri eta ikusgarriak dira gurutzeak. Bederatzi gurutze daude, XVI. mendekoak denak, Kurutziagakoa izan ezik. Gehienek herri-gunetik irten eta landa gunearekiko mugak ezartzen dituzte. Beste batzuk, aldirietako mugetan,nahiz eta gaur egun herri-gunean txertatuta geratu diren denak.

Elementu ikusgarri horietan nabarmentzen da Sortzez Garbiaren Basilika, herriko plazan.

Udalerri bi horiek dira monumentu multzo izendapena dutenak, baina beste udalerrietan ere ondare arkitektoniko ederra aurki daiuteke han eta hemen.

Abadiñon, esaterako, Muntsaratz Dorrea, Abaroa Jauregia, Arriola Dorretxea, San Juan Eliza ikusi ahal izango ditugu, besteak beste.

Izurtzan, berriz, ondare historiko zabalaren lekuko diren hainbat eraikin aurkituko ditugu; Etxaburu Dorretxea Mugarra mendiaren oinean;  Arana Jauregia eta Bekotorre dorrea, kasu.

elorrio

Leave a Reply