fbpx Skip to main content
Convento-Santa-Ana-Elorrio-TARTA-MERENGUE

Eskualde edo herri gehienetan aurkituko dugu jaki tipikoren bat; hau da, bereziki leku horretan egiten dena (eta ez beste inon). Nork ez ditu ezagutzen Bilboko gurinezko opilak eta karolinak, edo Donostiako pantxineta, Lapurdiko Etxeko bixkotxa, edo Areatzako guardiazibilak edo Gasteizeko vasquitos y nesquitas ospetsuak?

Agian, Durangaldeko gozokietako batzuk ez dira mundu osoan ezagunak izango, baina badute ezaugarri berezirik. Gure eskualdean, bertako jatetxeetan aurki ditzakegun tokian tokiko postre, opil edo gozoez gain (bateko tostadak, besteko gatzatua, hango sanmarkopila), bereziki aipatu nahi ditugu honako hauek:

Abadiñoko San Blas opila eta erroskilak

San Blas opila egiteko ohitura Eibarren sortu bazen ere, gaur egun ia Euskal Herri osoan zabaldu dela esan daiteke. Hala ere, Abadiñon, otsailaren 3an ospatzen den San Blas eguneko feria entzutetsuan ohiko eta ezinbesteko bihurtu dira bai opila bai erroskilak ere. Izan ere, diotenez, Blas apezpiku eta mediku armeniarra izan zen, eta arrain hezur bat eztarrian kateatu zitzaion haur bat salbatu omen zuen behin. Hortik aurrera, eztarriko gaitzetatik babesteagatik da ezaguna, eta egun horretan, eztarrian bederatzi egunez eraman behar diren lokarriak bedeinkatzen dituzte. Opil eta erroskila hauek otsailaren 3 inguruko egunetan soilik eskura daitezke.

Nolakoak dira?

San Blas opilak zein erroskilek anis esentziadun orea eta gainetik merenge lehorreko bainu zuria daramate. Opilak, gainera, “San Blas” hitzak daramatza txokolatez idatziak.

Argazkia: Eitb.

San Blas

Durangoko artopilak

Dirudienez, 1765 ingurutik dator San Fausto egunean (urriaren 13an) artopilak banatzeko ohitura. San Fausto egunean, goizean, Durangoko udaleko zinegotziek artopilak banatzen dizkiete udaletxera hurbiltzen diren herritarrei. Hasieran Santa Ana elizpean banatzen ziren, goizeko seietan, zezenak askatu aurretik; baina gaur egun, goiz erdian banatzen dituzte. Urtean egun bakarra dago opil hauek dastatzeko, beraz.

Nolakoak dira?

Magdalenen antzeko opiltxoak dira, apur bat handiagoak eta zapalagoak. Antzina, izenak berak dioen bezala, artoz egindako opilak izango zirela pentsatzen da, baina jatorrizko errezeta hartatik, opil hauek egiteko erabiltzen den arto-irina soilik iritsi zaigu. Oreak mahats-patsak eta fruta konfitatua ere badarama. Gaur egun, hala ere, gari irinez egiten dira, eta opilaren azpian, arto ale bat jartzen dute.

Elorrioko San Balendinen erlikiak

Balentin Berriotxoa 1988an kanonizatu zutenean hasi ziren opil txiki hau egiten, eta Elorrioko zaindaria denez, santuaren omenezko opiltxo gisa saltzen da bertan. Opiltxo hauek urte osoan daude salgai Elorrioko “oroigarri” gisa.

Nolakoak dira?

Almendrazko bizkotxo txiki bat da, egin aurretik, orearen erdian txokolate beltz zati bat sartzen zaio, eta ondoren, gainetik txokolate zurizko geruza batez estaltzen da.

Pasteleria-Pello

Santa Ana komentuko gozogintza

Horrez gain, Durangaldean dugu Bizkaiko klausurako 18 komentuetatik gozogintzan diharduten lau komentuetako bat, Elorrioko San Ana Komentua. 1979 inguruan erabaki zuten gozogintzan hastea eta, ordutik gaur egunera, 15 tarta mota baino gehiago egitera iritsi dira. Bertan enkarguzko opilak egiten dituzte eta eskualde osotik joaten zaie jendea haien tarta ospetsuak erostera. Aukera zabala dute eta 4 eta 15 errazioko neurritakoak egiten dituzte.

Hostore eta krema edo esnegaina, ijito-besoa, Moka tarta, Sagar tarta, Oihan beltza, San Markos, Berrio-Otxoa, Aitona, pasteltxo txikiak, madalenak eta mostatxoiak eska daitezke dsantanaelorrio@yahoo.es helbidean.

Convento-Santa-Ana-Elorrio-TARTA-MERENGUE

Beraz, eskualdeko oroitzapen gozo-gozoa eramateko aukera bikaina daukazue.

On egin!

Leave a Reply