Skip to main content
bide berdea

Paisaia berdeak, haran ezkutuak, erromesen bideak eta mendeetako historia. Durangaldeak bisitariari eskaintzen diona altxor bat da, baina askotan, altxor hori ez da guztion eskura egoten. Hori horrela dela jakitun, eskualdeko hainbat gunek pausoak eman dituzte irisgarritasunari dagokionean: museoetatik hasi eta baselizetaraino, bide berdeetatik herrigune historikoetaraino. Hona hemen 10 proposamen irisgarri, Durangaldeko ondarea lasaitasunez eta autonomiaz gozatzeko:

Elorrioko Balendin Berriotxoa museoa

Museoak Balendin Berriotxoaren bizimoduari loturiko objektu eta dokumentuen bilduma berezia biltzen du. 2003an inauguratu ziren egungo instalazioak. Bertan Santuak familiarekin Elorrion eman zituen lehenengo urteak eta ondoren Logroñoko apaiztegian izan zuen prestakuntza-prozesua erakusten dira. Gero, Filipinetara bidaia eta 1862an martirizatu zuten arte Tonkin-en (Vietnam) garatu zuen misiolari-jarduera eta bere erlikiak Bizkaira ekarri zituztenekoa erakusten dira. Dokumentu, argazki, mapa, testu autografo, margolan, urregintza-pieza eta oihal ezberdinek ilustratzen dute ibilbidea.

Ikusi museoa

Elorrioko Alde Zaharra

Elorrioko kaleak XVII. eta XVIII. mendeetako harrizko eta harlanduzko jauregiz eta oinetxez beteta daude. Gernikako Arbola plazan, alde zaharraren erdian, Udaletxea eta Andra Mari Sortzez Garbiaren basilika daude. Oso gertu, Arezpakotxaga jauregiaren ondoan, Don Telloren atea altxatzen da, hiribildua inguratzen duen harresi zaharrak zituen seietatik zutik geratzen den bakarra. Inguruetan, Tola markesaren jauregi barrokoa, Santa Ana monasterioa eta San Agustin eliza daude.

Ezagutu Elorrio

Argiñetako Nekropolia

Argiñetako nekropolia, bere elementuen kopurua eta kalitateagatik, baita horietako batzuen kronologia urrunagatik (VII-IX. mendeak), Euskadiko hilobi-monumentu garrantzitsuenetako bat da. Hogei bat hilobik eta bost hilarriek osatzen duten nekropoli hau San Adrian ermitaren parean kokatuta dago, Elorrioko kanpoaldean. Monumentuak Goi Erdi Aroan eraiki ziren inguruko auzoetako nekropolietan erabiltzeko (Mendraka, Miota, Berrio), baina XIX. mendean gaur egun dagoen kokalekuan bildu ziren. Hilobiak eta hilarriak Oiz mendiko harrobietatik sortutako hara-harrizkoak izan ziren.

Ezagutu Argiñetako nekropolia

Arrazolako Bide Berdea

Durango eta Arrazola lotzen zituen trenbide zaharraren bidetik igarotzen da Arrazolako Bide Berdea. Familian egiteko ibilbide ezinhobea da Arrazolako Bide Berdea. Atsedenleku ugari daude bidean, baita umeen jolaslekuak, tabernak eta jatetxeak.

Arrazolako bide berdea

Muntsaratz Dorretxea

Hasiera batean defentsarako dorretxe bezala eraiki zen eta XVI.mendean gotorlekuak egiteko debekua eta gero, jauregi-etxe bilakatu zuten. Eraikina sortu zenetik beti izan da familia ezberdinen bizileku. Bost solairu ditu Muntsaratz Dorretxeak eta solairu bakoitza funtzio baterako pentsatua dago: kortak, sukaldea, logelak, etxebizitzak eta galeria.

Ezagutu Muntsaratz dorretxea

Margarita María museoa

Margarita María da museoaren hizpide nagusia: bere printzipioak, espiritualtasuna, helburuak, lanak, bere proiektu abangoardista…Dena dela, Berrizko Mesedetako Misiolariek azken urteotan garatutako jarduera ere badago erakusgai: euren hastapenetatik, emakumeen hezkuntzan oinarrituta –nahiz eta hainbat eta hainbat arlotan lan egin–, gaur egunera arte, gizakien eta ingurumenaren aldeko ekimenak sustatuta.

Margarita María museoa

Durangaldeko begiratokia – Momoitioko Nekropolia

Landa eta baserri eremuz inguraturik dago Garai. Bertan, Durangaldeko begiratokian, Momoitioko Doniene ermitaren kokapena dago. IX. mendean Momoitioko inguru hau bizi izan zenean, komunitateak bere etxebizitzak eta eliza eraiki zituzten baita hilerria ere. Gaur egun, ermita eta IX eta X. mendeetako nekropoli bat kontserbatzen dira.

Momoitioko Nekropolia

Durangoko Arte eta Historia museoa

Museoak euskal arte garaikideko bilduma bat, bertako beste historia-areto bat eta aldi baterako erakusketak egiten diren beste areto batzuk ditu. Museoak hezkuntzaren eta zabalkundearen aldeko apustua egiten du, eta, horregatik, doako eta publiko guztiarentzako tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta abar eskaintzen ditu urte osoan zehar. Era horretan, kultura herritar guztiei transmititzen zaiela bermatzen da.

Durangoko arte historia museoa

Durangoko Alde Zaharra

Durangoko hiriak ondare historiko, artistiko eta arkitektoniko aparta du. Durangoko alde zaharreko monumentuak bisitatuz, historian zeharreko ibilbidea egingo dugu. Durangoko alde zaharrean bi eliza dira nagusi: Alde batetik, Santa Ana eliza, Santa Ana arkuaren ondoan dagoen eraikin barrokoa, hiribildura sartzeko antzinako ateetako bat eta herria inguratzen zuen harresiko sei arkuetatik zutik jarraitzen duen bakarra. Bestalde, Uribarriko Santa Maria eliza gotikoa, Euskal Herriko egurrezko arkupe berezienetako bat duena. Eta Santa Maria eliza eskuinetara inguratuz, Garai jauregia, Vera Cruz baseliza -gaur egungo Turismo Bulegoa, non Kurutziagako Gurutzea dagoen- eta Olalde jauregia ikus daitezke.

Ezagutu durangoko alde zaharra

Landako Gunea

Durangon kokatua, espazio argi eta zabala da, zutaberik gabekoa, diseinu moderno eta malgukoa. Instalazioek zerbitzu-sorta zabala, aparkaleku zaindua eta ekipamendu berritzaileak eskaintzen dituzte, eta horri esker, mota askotako ekitaldiak antola daitezke: azokak, kultura- eta musika-jaialdiak, erakusketak eta kontzertuak, besteak beste.

Ezagutu Landako gunea

Leave a Reply

turismo_logo
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eman ahal izateko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean, cookie-ei buruzko informazioa ezagutzeko eta gure taldeari webguneko zer atal interesgarri eta erabilgarri dituen ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.