fbpx Skip to main content
iurreta dantzariak

Dantzari dantza osatzen duten dantzen zikloa inguru jakin batean egin izan da beti: Durangaldean. Hain zuzen ere, honako herri hauetan: Abadiñon, Berrizen, Garain, Mañarian, Izurtzan eta Iurretan. Herri hauetan guztietan aldaera desberdinekin egiten dute, baina tradizio bera da gorde dena. Aitzitik, Durangon, Elorrion eta Otxandion, aipamenik badago ere, ez da hain ezaguna.

Ez dago erreferentzia historikorik dantza ziklo hau noiz eta zergatik sortu zen zehazteko. Hala ere, badakigu Humboldt alemaniarrak eman zuela honen berri 1881ean argitaratutako liburuan Durangaldera egindako bisita batean ikusi ondoren, eta gure dantza ziklo honi buruzko zehaztasunak ematen ditu (dantza-zatiak, doinuak, etab.).

Ohiturari jarraituz, urtero, herriko zaindariaren jaien bezperan entsegua egiten dute dantzariek, eta Donienatxa izeneko enborra zutuntzen dute herriko plazan, jaiak amaitu arte zutik iraungo duena. Enborra erabat soildu eta leundua izaten da eta goiko muturrean erramu-adarrak, artaburuak eta loreak ipintzen dizkiote. Jai egun nagusian, elizkizunaren ondoren, agintarien aurrean dantzatuko du dantzari taldeak dantza-zikloa osoa; izan ere, dantzari dantza honako dantza hauek osaturiko ziklo oso bat da, txistu eta danbolinaren doinuari jarraituz zortzi dantzarik dantzatzen dutena:

  • Agintariena (Ikurrin dantza)
  • Zortzinangoa
  • Ezpata joku txikia
  • Banangoa
  • Binangoa
  • Ezpata joku nagusia
  • Launangoa
  • Makil dantza (Makil jokua)
  • Txotxongiloa
MAÑARIA kepa aginako Durango

Ziklo honetako dantza batzuk tresnarik gabe dantzatzen dira, baina beste batzuk, izenak adierazten duen bezala, tresnekin: ezpatak eta makilak. Bi multzo bereizten dira: lehenengoan dantzariak batzuetan banaka (Banangoa), binaka (Binangoa), launaka (Launangoa) edo talde osoan (Zortzinangoa) aritzen dira, tresnarik gabe. Eta bigarren multzoan, berriz, tresnak hartzen du garrantzia dantzan: ezpatak eta makilak.

Bi multzo horietatik bereiz, Agintariena edo Ikurrin dantza eta Txotxongiloa izeneko dantzak ditugu, zikloaren hasiera eta bukaera. Lehenengoan dantzariek bandera edo ikurrina astintzen dute agintarien aurrean. Plazaren erdian bi ilaratan kokatu eta bandera daramana jarriko da denen buru; dantzariek, banako ilaran, agintariak agurtuko dituzte. Ondoren, berriro bi ilaratan eta banderaduna erdian dagoela, dantzariak makurtu eta banderadunak (txapela erantzirik) bandera astinduko du gainerako dantzarien gainetik. Eta honekin hasten da dantzari dantzaren zikloa.

Txotxongilo izeneko dantza, Durangaldeko ezpata dantza bat da, eta ez da herri guztietan dantzari-dantzaren zikloaren barruan sartzen; batzuetan, hortik bereiz egiten da.

Dantzari dantzan parte hartzen duten dantzariek honako janzkera hau daramate: txapel gorria, kotoizko alkandora zuria; txalekoa lotuta eta betibizi edo siempreviva loreekin apainduta; praka zuriak; gerriko gorria; larruzko berna-babesak brontzezko kriskitinez apainduak; galtzerdi zuriak, eta espartina zuriak lokarri gorriekin. Hala ere, herri batetik bestera aldaerak egon daitezke, bai janzkeran bai dantzatzeko eran ere. Baina tradizioa ondo errotuta dago Durangaldean, eta moldatuz eta egokituz joan den arren, ondo iraun du. Kasurako, historian zehar mutilen dantza izan den arren, gaur egun neskek ere dantzatzen dute zenbait tokitan.

Durangaldeko dantzak

Leave a Reply