Skip to main content
Uncategorized @eu

DAMARENA jaialdiak jendetza bildu zuen, harriaren ondarearen eta musikaren inguruan

Arrakastatsu ekin zion bere ibilbidea DAMARENA jaialdiak. Egitarauak sorpresa ugari gorde zituen, eta bertaratutakoek gogotsu erantzun zieten proposamenei.

Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkumen “LITOLOGIKA” lanaren bisita gidatuarekin hasi zen eguna, eta parte-hartzaileek jarduera osoan zehar interes handia agertu zuten, galderak eta ikusmina nagusi izanik. Bisitan hiru harri mota ikusteko aukera egon zen: Rojo Ereño, Gris Mañaria eta Negro Markina deritzenak. Ondare geologikoaren eta harrigintzaren inguruan aritu zien, eta bertaratutakoek ingurunearen balioa beste ikuspegi batetik ezagutu ahal izan zuten.

Arratsaldean, Haize Arrosa taldearen kontzertua izan zen, sorpresa ugariz betea. Eskualdeko, herrialdeko eta estatuko gonbidatuak hartu zituen Angurreta harrobiko oholtzak; haien artean, Maixa eta Ixiar, Miren Agur Meabe, Julie, dantzariak, bertsolariak… Harrera beroa egin zieten bertaratutakoek gonbidatu guztiei, baita Anbotoko Damari ere. Hori gutxi balitz, kontzertua amaitzean, Garai Kontserbakeko lagunen eskutik, eskualdeko ekoizleen produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egon zen. 

DAMARENAk kultura, ondarea eta bertako produktua uztartu zituen, argi erakutsiz horrelako proposamenek harrera zabala izan dezaketela gure inguruan.

Hori horrela, atzoko DAMARENA ez da jaialdi isolatu bat izango, urteetan iraungo duen jaialdia izango da.

Damak urtean bitan begiratzen dio haranari, izan dadila aurrerantzean ere DAMARENA horietako bat.

Leave a Reply