
Askotan urrutira joaten gara paradisu bila, baina gure etxe ondoan daukagun natur, kultura eta gastronomia eskaintza sekulakoa da! @simonmontxu influencerrak kolaborazio berezia egin du @durangaldeaturismoa-rekin ekainaren 26tik 28rako asteburuan. Furgoneta eta bizikleta lagun hartuta, Durangaldeko errepide zein bidexketan murgildu da, eskualdeko altxorrak deskubritzeko helburuarekin.
Ostiral iluntzea: Oizko bistak eta Garaiko lasaitasuna
Asteburuari hasiera emateko, Oizera joan da ilunabarraz gozatzera. Nahiz eta bizikletaz igotzeko aukera egon (“full experience”), praktikotasuna lehenetsi eta furgonetarekin joan da pixkanaka igotzen Garai herritik. Tontorretik eguzkia ezkutatzen ikustea benetako ikuskizuna izan da.
Ilunabarraren ostean, Garaiko herriko tabernako terrazan zerbait hartzeko tartea hartu du. Gaua igarotzeko, furgonetaz Elorrioko Autokarabana Areara joan da. Area honen funtzionamendua berezia da: argia eta hustutzea egin nahi izanez gero, herrira jaitsi behar da ezinbestean, Udaltzaingoan edo Turismo bulegoan fitxak hartzeko. Hau aitzakia ezin hobea izan da herritik buelta bat eman eta bertako taberna zein establezimenduetan kontsumitzeko.
Larunbat goiza: Elorrion hasita Durangaldean barrena
Egunsentiarekin batera, bizikleta hartu eta Elorrioko alde zaharrera jaitsi da gosaltzera, esaterako Parra tabernan. Tripa ondo beteta, bizikleta-bueltari ekin dio: Uratsa sulfurosazko iturritik pasatu, eta Argiñeta eta Mendrakara igo da. Izerdia botatzeak merezi izan du, bertatik kriston bistak baitaude.
Inguruko txakolina famatua dela aprobetxatuz, txakolindegiko mahasti artetik hasita Miota auzora daraman ibilbidea egin du. Bizikleta buelta Elorrioko plazan amaitu du, Urre Berri tabernan zerbait hartuz eta plazan bertan dagoen Turismo bulegotik autokarabana arearako fitxak jasoz.

Larunbat eguerdia, Mañariko harrobi artean
Elorrioko bisita amaituta eta arearen kontuak argituta, furgonetara itzuli eta Mañarira abiatu da. Bertan, U2 herriko tabernan bazkaltzeko aukera izan du. Zapore ahaztezinak dastatzeaz gain, mendiz inguratuta dagoen Mañari herriko plaza bera ere oso polita dela azpimarratu du.
Durangoko kaleak eta bertako zaporeak
Bazkalostean, presa gabe eta lasai-lasai, Durangora jaitsi da eta furgoneta Tabira auzoan aparkatu du. Alde zaharrera jaitsi eta paseo atsegin bat eman du herriaren esentziaz bustiz: Pinondoko parkea, erreka, Santa Anako arkua, Andra Mariko elizpea eta alde zaharra bera bisitatu ditu.
Afaltzeko garaian, “Tabira Etxean” hanburgesa ikaragarri bat hartuta, furgonetan afaldu du, bertako produktuaz gozatuz, Latxaberri okelaz hain zuzen ere.
Igandea: Naturaz gozatzen Neberondon
Asteburua biribiltzeko, Neberondora oinezko txango bat egitea gomendatu du. Eguraldia lagun izan edo ez, leku paregabea eta magikoa da Neberondokoa.
Durangaldeak furgonetaz zein bizikletaz bidaiatzeko, ondo jateko eta naturaz gozatzeko eskaintzen dituen aukerak amaigabeak direla argi utzi du influencerrak. Animatu zaitezte Durangaldea bisitatzera eta jarraitu @durangaldeaturismoa bertako plan eta txoko gehiago ezagutzeko!






