Anboto mendiaren babesean eta mendi magalek osatzen duten estalki berdeak inguratuta dago haran eder hau.
Atxondo, atx (haitz) + ondo. Haitzen ondoan. Non bestela? Durangaldeko harritzarrek inguratuta baitago, izenak dioen bezala.
Inguru honetan lasaitasuna eta baretasuna nagusitzen dira, eta baserrietako harri sendoei landa-eremuaren esentzia darie oraindik.
Antzinako Apatamonasterio, Arrazola eta Axpe udalerriek osatzen dute Atxondo, eta Urkiola Parke Naturaletik gertu dagoen inguru xarmagarria eratze dute. Durangaldeko mitologiaren iturburua dela esan daiteke, eta landa paisaia bukolikoa eskaintzen digu. Bailara txiki honetan goza ditzakegu inguruko mendi eta haitzen ikuspegi ederrenak.
AUZOAK
Axpe
Axpeko elizateak 9. zenbakidun botoa izan zuen Durangaldeko Merinaldeko batzar nagusietan. Bertako San Martin eliza 1550ean eraiki zuten Martzaatarren, Durangaldeko leinu garrantzitsuenetako baten, dorretxearen aurrean, eta fatxadan haien armarria ageri da. Familia hori errota, bi burdinola eta zortzi baserriren jabe omen zen.
Apatamonasterio
Apatamonasterioko antzinako elizateak 10. botoa zeukan Durangaldeko Merinaldeko Batzar Nagusietan. 1857ra arte ez zuen parrokia propiorik eduki, aurretik Abadiñoko parrokiaren eta ondoren Elorriokoaren mende egon baitzen. 1857an, San Pedro Apostoluaren Eliza eraiki zuten bertan.
Arrazola
Durangaldeko Merinaldeko Batzarretan, 8. botoa zuen. Gaur egungo eliza San Migel Goiangeruari eskainia da, eta 1510ean bihurtu zen parrokia.
Arrazola garrantzi handiko meatzaritza gunea izan zen, bertako harrobietatik benetako altxorra ziren jaspe beltza eta kobrea erauzten baitzituzten. Arrazola haranaren bost kilometroak minerala garraiatzeko eraiki zen trenbideak zeharkatzen zuen, gero Durango-Elorrio trenbideari lotzeko. Ibilbide hori, gaur egun, oinez egin daiteke.
Arrazolan aurki dezakegu Bizkaiko baserririk zaharrena ere, 1519ko inskripzioa duen Ollargan baserria.
Harana ezagutzen
Haran txiki eta magiko honek eskaintzen duen edertasuna gozatzeko, alderik alde zeharkatzen duen ibilbidea egin dezakegu Arrazolako Bide Berdea. Trenbidearen ibilbidea egiten du eta Apatamonasterion hasi eta Tope edo Errotabarriraino doa. Bidean, Martzaa eta Xantixa auzoak, inguruetako baserri itzel eta dotoreak eta ipuin batean bezala edukiko gaituen paisaia ikusi ahal izango ditugu.
Ibilbide erraza da, laua eta familian egiteko oso egokia. Bidean atseden lekuak eta umeentzako jolasak ere izango ditugu, eta bukaerara iristean, Tope izeneko lekuan, antzinako meategien gunea ikusiko dugu.
Gainera, egonaldia erosoagoa egingo diguten taberna eta jatetxeak ere baditugu, bertan egun pasa zoragarria egiteko. Eguna gehiago aprobetxatu nahi dutenek, egunari Anbotora igoz ekin diezaiokete.