Anboto, mendi ia sakratua dela esan daiteke; Mariren presentziak, sorginei buruzko berriek
eta inguruan dauden santutegi eta baseliza ugariek kondairazko aureola batez inguratzen dute
Anboto mendia, eta antroposfera iradokitzaile eta aberatsenetakoa duen leku bihurtzen dute;
izan ere, bertako leize eta harpeak gizakien babesleku izan dira bai historiaurrean bai,
esaterako, XV. mendeko sorgin eta heretikoen kontrako jazarpenetan ere.
Mari, euskal mitologiaren ardatz
Kristautasunaren aurretik emakumezko jeinu edo jainkosa baten inguruan ardazten ziren
orduko sinesmenak: Mari. Mundu ikuskera aurreindoeroparrean, Mari euskal mitologiako
numen garrantzitsuena da, Ama, Andere edo Dama ere deitua, eta gizonezko numenek ez
bezala, babes kosmiko osoa eskaintzen du, eta Paleolitotik gaur egunera arte bizirik iraun duen
izakia da.
*Irudia: Nestor Basterretxea
Ikuskera horretan, Neolitiko eta Brontze Aroko kultura matristikoetako Jainkosa Ahaltsuaren
irudiarekin bat egiten du Marik, eta, zalantzarik gabe, munduan zeharreko bestelako kultura
indigenek bezala, gure planeta edo Ama Lurra biziduna eta berezko kontzientziaduna dela
adierazten du.
Izan ere, antzinako Euskal Herriko biztanleek uste zuten naturaren berezko
dimentsio espirituala lurraren baitan zetzala, bertan sortzen zela bizia umetoki bat balitz
bezala (Amalur), eta azaleratzen zela erritu eta ospakizun sakratuen bidez.
Hainbat toki, hainbat izen
Tradizioaren arabera, Mari fenomeno naturalen (ekaitzak, euria…) nahiz animalien
adierazpena da eta eremu sakratuekin lotuta agertzen da beti: ibaiak, iturburuak, kobak,
mendiak.
Euskal Herrian, herri askotan agertu izan da numen hau, eta tokian tokiko mendiaren edo
kobaren izena hartu izan du: Mari Maruko, Elduaienen; Aldureko Mari, Gorritin; Puyako Maia,
Oiartzunen; Aketegiko sorgina, Zegaman eta beste hainbat eta hainbat izen.
Gure eskualdean ere, desberdin izendatu izan da lekuaren arabera: Mariurraka, Abadiñon; Mariburrika, Garain
eta Berrizen eta Anbotoko sorgina, Durangon, esaterako. Urkiolako artzainek, ordea, Mari
soilik deitu izan dute.
Mariren itxura
Mari, gehienetan, emakume gorputz eta aurpegiarekin irudikatu ohi da, dotore jantzita,
askotan, gorriz. Ez da irudikapen bakarra, ordea, hainbat animaliaren irudiz, edo zuhaitz edo
suzko emakume gisa ere agertzen da lekuaren arabera.
Oro har, lur azpiko bizilekuetan irudi zoomorfikoak gailentzen dira; gainerako formak
lurrazalean erabiltzen ditu edo airea zeharkatzen duenean. Marik izan ditzakeen formak
askotarikoak diren arren, denak bat datoz emakumea dela.
Euskal mito askotan jotzen da Mari gainerako numen edo jeinu guztien buru, eta familia ere
baduela esan ohi da: Maju edo Sugaar –tokiaren arabera- ezkontidea eta bi seme (edo alaba),
Mikelats, gaiztoa, eta Atarrabi, ona.
Anbotoko Mariren koba
Euskal sinesmen zaharren arabera, Anboto mendiko koba bat da Mariren egoitzetako bat.
Mendiaren ipar-ekialdeko aldean aurkituko dugu koba, 1.150 metroko altueran, gailurraren
azpian. Sarrera ekialdeko horma bertikalean du. Izan ere, Euskal Herriko mendi numinosoen
artean, Anboto izango da, ziurrenik, ospetsuena.
Mariurrika kobea edo Mariren kobiak sargune zabal bat du, mendiaren beheko aldetik ikus
daitekeena, baina sarrera bera arrokan barneratuta dago, eta ez dago ikusgai. Agindi lepotik
horma bertikal bateraino iritsi behar da sarrera aurkitzeko.
Mariren koba bisitatzeak, ordea, portaera jakin bat eskatzen du: sartu garen modu berean
irten behar dugu; hau da, aurrera begira sartu garenez atzeraka ibiliz irten behar dugula,
bertan gauden bitartean ez gara eseriko, eta ez dugu bertan aurkitako ezer ere hartuko.
Mariren beste bizilekuak
Marik Euskal Herriko hainbat menditan du bizilekua, eta Anboto garrantzitsuena izanik ere
beste ohiko edo aldi baterako bizilekuak ere baditu: Txindoki, Murumendi, Gorbeia, Aralar,
Aizkorri, etab. Hala ere, kondairak dio, Marik zazpi urte ematen dituela Anboton, zazpi Oizen
eta zazpi Mugarran, edo zazpina urte gainerako mendi bakoitzean, eta egoitzaz aldatzean
suzko gurdi bat erabiltzen duela zerua zeharkatzeko.
Anbotoko kasuan, gailurra laino berezi batek hartzen duenean, Mari bertan dagoen seinalea
omen da. Eta inguruko zenbait tokitan, laino adierazgarri horri amillena esaten zaio., nahiz eta
beste zenbaitetan, amillena haize hotza ere baden.